GARA > Idatzia > Kultura

Santa Grazik 2012ko maskaradak berreskuratuko ditu eta 2013an egingo dituzte Gamere-Zihigakoek

Azaroan jakin zen Gamere-Zihigako gazteek 2012 maskaraden prestaketa bertan behera utzi zutela, gertakari larri baten ondorioz. Dena den, Santa Grazikoek lekukoa hartuko dutela jakinarazi dute.

KAZETA.INFO | BAIONA

Santa Graziko gazteek hartua zuten 2011ko maskaradak kaleratzeko ardura, eta halaxe hasi zuten urtea. Alta, egitasmoaren partaide zen pertsona baten heriotzak guztiz atsekabeturik utzi zituen antolatzaileak eta hamabost emanaldi egin beharrean sei baizik ez zituzten egin.

Arazo hori aski ez eta, 2012ko ediziorako Gamere-Zihigan beste ezbehar bat gertatu zen eta proiektua alde batera uztea behartuak izan dira. Hala ere, Santa Grazik segurtatu du datorren maskarada hau, eta Gamere-Zihigakoek 2013an egiteko asmoa iragarri dute.

Gamere-Zihigako gazteek hartu zuten ardura 2012an maskaradak prestatzeko. Iragan apirilean, gogo handiz gainera, iragarri zuten maskaradak antolatzeko asmoa. Herriko eskola tipia hetsi berria zen eta herria berpizteko erronka gisa hartu zuten plazaz plaza maskaradak eramateko egitasmoa. Gertakari larria tarteko, nahikeria hori bertan behera geratu da, ordea.

Santa Graziko maskaradak bertan behera gelditu zirenean, dagoeneko hainbat jendek ohartarazi zuen geroa ez zela bermaturik neguaren ostean udaberria gertu dela iragartzen digun maskaradendako. Laurents Chuburuk Xiberoko Botza irratiaren mikrofonoetan erran zuenez, «posible litzateke maskarada Santa Graziko azkena izaitea gazteen eta euskaradunen murriztearengatik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo