GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

Inuxente

Kontu zahar batean «Getariako egia» esaeraren jatorria azaltzen zaigu. Getariarren haserretzea handia ez izateko itxaropenarekin, gainetik kontatuko dizuet. Nonbait Getarian ez omen zen egiarik esaten, eta horren beharra ikusita erabaki dute hiru getariar bidaltzea Iruñera, hango apezpikuari egia eskatzeko asmoz.

Hara helduta estudiante tunante batzuek engainatu egiten dituzte, apezpikuaren menpeko zirelakoan, eta txanpon batzuen truke, zopa ontzi itxi bat ematen diete, bertan Egia gordeta dagoela esanez, baina herrira heldu arte ez zabaltzeko.

Abiatu dira lagunak. Herrira heldutakoan udaletxean biltzen dira herritar guztiak jakin-minez. Zopa ontzia mahai gainean utzitakoan sekulako kiratsa zeriola sumatu zuten. Alkateak, gustua usainaren pareko ote zen jakin nahian, hatza sartu eta ezpainetara eramanaz esan omen zuen: «Hau kaka duk!». Apaiza gerturatu eta berdintsu egin: «Egia duk!». Eta dena poza eta algara izan omen zen Getarian.

Ugari dira munduan barrena Egiaren arrazoiaren gainean mintzatzen zaizkigun kontu zaharrak. Biblia Zaharrak berak Jaungoikoa Egia bakar gisa agerrarazten digu. Egiaren bilaketa pertsona humanoen bide amaigabea da, eta egiaren izenean gezur galantak eta triskantza latzak egin izan dira.

Dena sinesten duena, ordea, inuxentetzat hartu ohi dugu, gezurretan aritzen dena, abila bada behintzat, bizkortzat hartuko dugu, madarikatu alaena, baina bizitzan aurrera egingo duena. Izango da getariarren kontura barre egingo duena hain inuxente izateagatik, ohartu gabe hori ipuin bat besterik ez dela; eta agian bere egiak gezurraren kiratsetan bilduak daudela.