GARA > Idatzia > Kultura

Dantzan.com webgunea itxi behar izan dute diru laguntzen beherakadak eraginda

Azken hamar urteotan dantzaren munduko ezinbesteko erreferentea izan da Dantzan.com web orria, baina proiektua bertan behera geratu da diru laguntzen beherakadaren eta bestelako diru iturrien urritzearen ondorioz.

A.E. | DONOSTIA

Eibarko Kezka dantza taldearen eskutik 2001. urtean sortutako Dantzan.com web orrialdea -2003tik aurrera Dantzan.com elkartea ere sortu zuten web orrialdea espresuki kudeatzeko-, euskal kulturan erreferente bihurtu da denbora eta lanaren poderioz. Dantza tradizionalean arreta berezia jarri izan badu ere, gurean lantzen diren bestelako dantza mota eta estiloei buruzko informazio zehatza eta eguneratua ere aurki zitekeen orain artean web orrialde honetan.

Baina, zoritxarrez, urteotan egindako lan fina ez da nahikoa izan egun bizi dugun krisi egoera latzari aurre egiteko, eta, hala, larunbatean bulegoa itxi ondoren, atzo webguneko edukiak eguneratzeari utzi behar izan zioten. Dantzan.com elkarteak adierazitakoaren arabera, «diru laguntzen beherakadaren eta bestelako diru iturrien urritzearen ondorioz, itxi beharrean aurkitu gara, ez baitugu orain hamar urte abiatu genuen gunea ekonomikoki mantentzen jarraitzerik».

«2011 urte beltza izan da ekonomikoki -adierazi dute-, eta Dantzan.com elkartean ere izan du eragina. Diru laguntzen beherakadarekin batera, elkarteak martxan zituen beste zenbait jardueratan ere diru sarrerak nabarmen jaitsi dira, eta egoera larrian geratu gara. 2012rako aurreikuspenak are eta okerragoak dira, eta egoera horretan ezinezkoa zaigu Dantzan.com elikatzen duen lantaldea mantentzea».

Dena den, ez dute amore eman nahi eta finantzabideak eskuratzen saiatuko direla aipatu dute. «Ez dugu agur behin betiko esan nahi, ahalegin guztiak egingo baititugu finantzazioa lortu eta berriz ere, ahalik eta azkarren, ataria martxan jartzeko. Egoera ez da ona, baina saiatu, saiatuko gara».

BERTAN BEHERA

Hamar urteotako lan oparoa, atariaren bitartez sortutako harremanak eta dantza munduari egindako ekarpen izugarria bertan behera gelditu dira diru laguntzen murrizketarekin. Dena den, etenaldia laburra izatea espero dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo