GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Iritsi berrien jarrera

Hasteko, argi dago krisi ekonomikoak gure artean jarraituko duela; urte bukaerako gobernu iritsi berriak horri begirako besterik ez du hizpide: murrizketak, doikuntzak, aurreztea xede.

Aurreztu beharra bihurtu da azken urteotako leloa, «gerrikoa estutu» eta austeritatea, erreformak... hiztegi zehatza azken urteotako giroa deskribatzeko. Sarri, ordea, hiritarrok benetan ulertzen dugun berba bakarra langabezia da. Geuk, edo geure ingurukoek, bizi baitugu horren ondorioz gainera datorkigun drama. Bidegabekeria ere ulertzen dugu, esaterako, etengabe ikusiz nola ari diren jendea bere etxetik kaleratzen, argi baitugu nori egiten dion mesede halakorik, hiritarroi ez, behintzat. Kale gorria al da krisiaren konponbide? Milioika lagun lanik, diru sarrerarik eta, gainera, etxerik barik uztea?

Eskuineko gobernu iritsi berria ez dirudi bide horretatik aldenduko denik; aurrezkia, hau da, murrizketa, iragartzen ari da une oro, eta badakigu horrek noren gerrikoak estutzen jarraituko duen. Adibidez, Cospedal andreak iragarri zuen, besteak beste, Gaztela-Mantxako genero indarkeriaren biktimentzako harrera etxeei diru laguntza kenduko zitzaiela, aurrezteko, jakina. Lehentasunak argi utzita: lehenik dirua, ondoren genero indarkeriaren biktimen ongizatea. Ez dakit emakume horrek -egundoko soldataren hartzaile, noski- halakorik egiterakoan, zenbat haragi-hezurrezko emakume kaltetuko zituen pentsatuko ote zuen, benetan kontuan hartuko ote zuen gaiaren oihartzuna, eta batik bat, zein mezu igorriko zion jendarteari, askoren buruan eraginda PPko gobernu guztiek gauza bera egingo ote duten kezka bizia.

Berdintasuna erdiesteko, lehentasunezko xede izan beharko lukeena edozein agintarirentzat, indarkeria mota horren desagerpena ardura nagusienetarikoa izan beharko litzateke, esparru guztietatik bultzatuta. Biktima horiei babesa kentzeak, krisiaren aitzakiarekin, garbi erakusten du gobernu horren, eta men egiten dietenen, giza kalitatea, eta latzagoa dena, etorkizuneko jokabidea.

Beraz, kezkagarria da 2012 gizarte-garaipenen atzerapausoaren urte bihurtuko ote duten. Izan ere, badirudi PPk hiztegia bera ere aldatu nahi duela, arazo sozialei dagokienez, jakina, ekonomikoak ezta ukitu ere. Genero indarkeria terminoa familia inguruneko hilketara ekarrita berriro, kasu, Ana Matok «berdin dio izenak, inporta duena da erailketa bat izan» dela esanez. Terminologiak garrantzia du, kontzeptu bat edo beste adierazten duen heinean, eta argia eta finkoa izan behar du denok jakin dezagun zertaz ari garen. Bikoteak, bikote ohiak edo bertsuak emakume bat erailtzen duenean, jendarte honek bizi duen arazo handienetako bati buruz ari gara, eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun ministroak (emakumeak, gainera) hori adierazten duen terminoari muzin egiteak kolokan jartzen du jendarte mailan aurrera egindako guztia.

PPko emakumeen jarrera gobernu osoaren jarreratzat hartuta, argi dago emakumeok galtzen jarraitzeko itxura guztia dugula. Irtenbidea, betiko lez, presio sozialean dugu, eragin dezakegulakoan, eragin behar dugulakoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo