GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Euskal presoekiko araua, oraindik, salbuespena

Sobera ezaguna da, oro har, euskal preso politikoen egoera kaskarra. Euskal Herrian ohikoa da presoren baten berri eta, beraz, haren egoera jasanezinaren berri, izatea, zuzenki zein haren senide edo lagunen bidez. Egoera horiek guztiek ehunka lagunen egoera orokor jasanezina osatzen dute. Aldian-aldian, egoera orokor hori zertan den jakinarazten dute, eta atzo Etxeratek eman zituen datuek ez dute egoera horrek hobera egin duela adierazten. Berez kezkagarriak dira datuok, eta are kezkagarriagoak egungo testuinguruan. 175 euskal presok kalean behar lukete espetxe legediaren arabera, eta, gainera, horietatik ia 50i hainbat urtez luzatu diete zigorra; 650etik gora presotik zortzi baino ez daude Euskal Herrian kartzelatuta; hamaikak gaixotasun larriren bat dute; hamabi erabat bakartuta daude...

Egoera orokor hori ezagutaraztea beharrezkoa da, herritarrek jakin dezaten eurek ezagutzen dituzten kasuak ez direla salbuespena. Preso bakar batek egoera horiek jasatea ere onartezina da, jakina, baina ikuspegi orokorrak agerian uzten du salbuespena dela hain zuzen, euskal preso politikoei ezartzen dieten araua. Etxeratek atzo esan zuenez, azkenaldion aldaketa positibo uzkur batzuk ere sumatu dituzte. Norabide horretan segitzea espero izatekoa da; hala ere, muturreko egoerei eusteak hutsaren pare uzten ditu aldaketa txiki horiek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo