GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Hobekuntza gisa saldutako iruzurra salatu dute Hego Euskal Herriko pentsiodunek

Mariano Rajoy presidente espainiarrak inbestidurako hitzaldian gastu publikoaren murrizketa iragarri, baina pentsioak «eguneratu» egingo zituela ziurtatu zuen, nolabait pertsona nagusienganako begiramen berezia agertu nahi baitzuen. Hego Euskal Herriko pertsona nagusi horiek, ordea, iruzur hutsa sumatu dute «begiramen» horretan. «Pentsioen balioa handitze hori» 2012rako %1eko igoerara murriztu da, eta Rajoyk gizarteko pribilegiatu gisa agerrarazi nahi zuen kolektiboak galdutako erosteko ahalmenak bere horretan jarraituko du PPren Gobernuaren «igoerarekin». Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko pentsiodunek atzo gogorarazi zutenez, 2009tik Hego Euskal Herrian prezioek %7 egin dute gora, eta askoz gehiago oinarrizko erosgaienak, pentsiodunen gastu handiena eragiten dutenak, hain zuzen. Rajoyk «mesede» gisa saldu nahi izan duen neurriak ontzat jotzen du orain arteko galera eta erabakitako igoera 2011ko KPIren araberakoa izan beharrean, 2012an izango omen den inflazioaren araberakoa da. Pentsiodunen ehuneko handi bat pobrezia egoeran bizi da, eta Madrilgo Gobernuaren betebeharra egoera hori hobetzea da, ez hobekuntzaren ordez iseka egitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo