GARA > Idatzia > Kultura

«El Conquistador del Fin del Mundo»-rik «gogorrena», igandean

ETBko programazioan izaten ari diren gorabeherak gorabehera, badago aurrera egingo duen saio bat: «El conquistador del Fin de Mundo». Igandean hasiko da denboraldi berria, 22.00etan, nobedade ugarirekin.
p041_f01_148x088.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

«Orain arte egindako ediziorik gogorrena izan da», esan zuen atzo Julian Iantzik, «El Conquistador del Fin del Mundo» saioko aurkezleak, denboraldi berriaren aurkezpenean.

Aurtengo denboraldiak nobedade ugari ekarriko ditu. Lehenik eta behin, Patagoniatik atera dute lehiaketa eta egungo munduko zazpi mirarietako bat izendatutako Iguazuko ur-jauzietara eraman dute. Misiones oihanean, Paraguay eta Brasilgo mugetatik hurbil, landaretza ugari, erreka, intsektu eta sugez beteta dagoen lekuan arituko dira lehian parte hartuko duten 24 abenturazaleak, hamabi gizon eta hamabi emakume.

Lehiaketa Patagonian hasiko da, bertako lekurik gogorrenetako batean, Piedra Paradan, alegia. Patxi Alonsok, Hostoil euskal ekoiztetxeko ekoizle exekutiboak azaldu zuenez, «Piedra Paradak ikuslea harri eta zur utziko duela uste dut».

Bestalde, lehiakideek ez dakite talde bakarra osatuko duten, ala bi edo hiru taldetan banatuko ote dituzten. Jose Luis Kortak hartuko ditu Patagoniara iristen direnean eta bera izango da kapitainetako bat.

Baina hori ez da sorpresa bakarra. Aurten bizirauteko baldintzak era aldatu egingo dira, gogorragoak eta zailagoak izango baitira. Izan ere, lehiakideek ez dute arropa teknikorik izango lehen epe horretan, eta Patagoniara joateko jantzitako arropa baino ez dute izango. Gainera, janari kantitatea ere asko murriztuko dute.

Hori dela-eta, Iantzik aurreratu zuenez, lehiakide guztiek ez dute saioa bukatuko, aurrera egin ezinik etxera itzultzea erabaki duenik ere izan baitute. Baina lehiakideak ez dira sufrituko duten bakarrak, lan taldeak ere gorriak ikusi baititu: «Azken fasea izugarri gogorra izan da, baita guretzat ere. Bada jendea ezin izan duena lan egin ere, gaixo ibili direnak ere», azaldu zuen Iantzik. «Bada proba bat, egindako denboraldi guztietako gogorrena eta arriskutsuena izan dena, neuk ere beldurra pasatu nuen», gehitu zuen.

Aurkezpenaren ostean, Iantzi eta Korta deman ibili ziren, sokatiran, Donostiako Konstituzio plazan Ibarrako Soka-Tira taldearen laguntzaz. Iantziz eta Kortaz gain, Anibal «El Conquistador»-eko lehiakide ohia ere aritu zen tiraka. Azkenean eta izerdi apur bat atera ondoren, Korta eta bere taldekideak izan ziren irabazleak.

Aconcagua prestatzen

Bestetik, «El Conquistador del Aconcagua» saioa prestatzen ari direla azaldu zuen atzo Julian Iantzik, eta horretarako lehiakide bila hasi dira jada. Parte hartzeko casting-ak datorren asteartean, hilaren 10ean, hasiko dira Bilboko Barcelo Nervion hotelean. Hurrengo egunean, urtarrilaren 11n, Gasteizko Barcelo hotelean izango dira, eta 12an, Iruñeko NH Park hotelean. Azken eguna Donostian izango da, hilaren 13an, NH Aranzazu hotelean. Baldintza bakarra 18 urte baino gehiago edukitzea da. Casting-ean parte hartzeko ez da izenik eman behar, aipatutako tokian agertzearekin nahikoa baita. Goizeko bederatzietan hasi eta 19.30ak arte ibiliko dira probak egiten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo