GARA > Idatzia > Mundua

Ehud Olmert Israelgo lehen ministro ohia auzipetu dute ustelkeriagatik

Israelgo lehen ministro ohi Ehud Olmert auzipetu dute Israelen izandako ustelkeria kasu larrienetako batekin lotuta. Fiskalak Olmertek eta beste hainbat kargudun publikok eroskeria onartu eta Holyland dorreak eraikitzeko baimenen truke dirutza jaso zutela azaldu zuen.

p021_f01-46x68.jpg

GARA | JERUSALEM

Ehud Olmert Israelgo lehen ministro ohia eta beste hamazazpi pertsona auzipetu zituzten atzo «Holyland auzian», dirua ordaindu eta kobratzea egotzita, Jerusalemgo luxuzko etxebizitzen eta beste eraikin batzuen eraikuntzarekin lotuta.

Israelen izandako ustelkeria kasu larrienetako bat den hau jakitera eman zenetik kasik bi urte igaro dira karguak aurkeztu aurretik. Lehen ministro ohiak eta auzipetutako gainerako kargudun publikoek eroskeria onartu eta Jerusalemgo Holyland dorreen eta beste proiektu batzuen eraikuntzarako baimenen truke milioiak jaso zituztela baieztatu zuten fiskalek.

Fiskalek, joan den martxoan, 18 pertsona akusatzeko bezainbeste froga zituztela agertu zuten; horien artean dira Ehud Olmert lehen ministro ohia, Jerusalemgo alkate ohi Uri Lupolianski eta Israelgo Lurzoruen Administrazioko zuzendari ohi Yaakov Efrati.

Ustezko delituzko ekintza horiek jazo zirenean, Olmert Jerusalemgo alkatea -1993. eta 2003. urteen artean- eta Israelgo Lurzoruen Administrazio agentziaz arduratzen zen ministroa izan zen.

Kasuari dagokionez, lekuko garrantzitsuena nor den jakinarazi ez duten enpresari bat da, zeinak bitartekari lanak egin zituen dirua eskuz esku mugituz. Horrek Olmert, Lupolianski eta besteek «`jaso eta eman' metodoa jarraituz» nahi zuena lortuko zuela esan ziotela adierazi zion Poliziari, 307.000 euro tarteko. Horrez gain, eroskeria kargudun publikoek bultzatu zutela ere azaldu zuen, bera ez zela horrelakorik proposatzen «ausartuko» argudiatuta.

Akusatuen artean dauden higiezinen promotoreek zerga jaitsiera garrantzitsuak, eraikuntzarako eskubide gehigarriak eta milioi askoko beste hainbat ondasun jaso zituzten.

Lehen ministro ohiak akusazio guztiak ukatu ditu. Horrez gain, prebarikazio kasu bategatik ere akusatuta dago. Aurrez, 2009. urtean, mesedeen truke dirua jaso eta ongintza arloko erakundeek nazioartean antolatutako ekitaldietara joatean izandako gastuak biderkatu izanagatik auzipetu zuten alkate eta ministro izan zen garaian. Akusazio horien aurrean ere errugabea zela adierazi zuen.

Olmert 2006. urtean izendatu zuten Israelgo lehen ministro. Palestina eta Israelen arteko negoziaketa ugari aurrera eraman zituen eta bere jarrera moderatzen joan zen. 2008. urtean bere dimisioa aurkeztu zuen herri presioaren ondorioz ustelkeria kasuak gainezka egin ondoren. Egungo lehen ministro Benjamin Netanyahuk ordezkatu zuen 2009ko martxoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo