GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

aizkora Urrezko lehiaketa

Finalerdietara zuzenean iristeko azken aukera

Otaño eta Otaegi Azurmendiren eta Atutxaren aurka neurtuko dira bihar 12.00etatik aurrera, Deban. Irabazleak finalaren atarikora iritsiko dira, eta galtzaileek, berriz, final-laurdenak jokatu beharko dituzte.

p037_f02.jpg

Jon LEUNDA

Urrezko Aizkorako B multzoko azkeneko kanporaketa jokatuko da bihar, 12.00etatik aurrera, Debako pilotalekuan. Azurmendi eta Atutxa, egungo txapeldunak, Otaegiren eta Otañoren aurka neurtuko dira. Garaipena eskuratzen duen bikoak finalerdiak jokatzeko txartela eskuratuko du, eta galtzen duenak, A multzoko hirugarrenaren aurka final-laurdenetako kanporaketa jokatu beharko du.

Norgehiagoka oso erakargarria da. Askoren ustez, finaletik oso gertu ibiliko omen diren bi bikote neurtuko dira, eta ikusmin handia piztu du horrek. Otaegik eta Otañok pasa den larunbatean itxura bikaina eman zuten, nahiz eta zutikako lanean hobetu beharra daukaten.

Azurmendi eta Atutxa dira txapeldunak, eta garaipena eskuratzeko asmoarekin plazaratuko dira, finalerdiak zuzenean jokatzeko aukera izatea oso garrantzitsua baita. Bi aizkolari hauek ere gabeziarik handiena zutikako lanean daukate, eta hor ongien ibiltzen den bikoak garaipena lortzeko aukera asko izan ditzake.

Sei lan ezberdin

Bikote bakoitzak sei lan ezberdin egin beharko ditu, eta denetako denborak batutakoan markarik onena dutenek lortuko dute garaipena. Adituen ustez, iraupen proba, azkena jokatuko dena, izango omen da erabakigarria. Orain arteko probetan horrela izan da, eta biharkoan ere seguruenik horrela izango dela uste dute.

Otañoren eta Otaegiren maila pasa den astean ikusi zen, baina lehen saioa izango da txapeldunentzat. Pasa den urtea ezin hobea izan da Azurmendirentzat eta Atutxarentzat, eta aurtengo urtea bide beretik eraman nahi dute bi aizkolariek. Bien artean txapel ugari batu dituzte amaitu berri den urtean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo