GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

PRESOEN ALDEKO MANIFESTAZIORIK HANDIENAREN ONDOREN

«Konfinamenduak zeure buruaren kartzelero bihurtzen zaitu pixkana»

p002_EG_f06.jpg

Patxi Segurola

Estatu frantsesean konfinatua

2010eko azaroan, espetxe zigorra bete ostean, aske geratu behar zuen. Alta, estradizio prozedurak eta Estatu frantseseko lurraldean egoteko debekua tarteko, aginagarrak ia urtebete darama konfinatuta, neurri zorrotzekin. Bihar, hirugarrengoz aztertuko ditu Pariseko epaitegiak bere kontrako bi estradizio eskaerak. Egun egoera horretan dagoen euskal militante bakarra da, baina preso, iheslari zein deportatuenarekin batera, konfinatuen egoera ere konponbidearen agendan dago.

Arantxa MANTEROLA | AUTUN

Bihar zure kontrako estradizio eskaera aztertuko dute Parisko Auzitegian. Hirugarren aldia da, ezta?

Bai, oraingo hau hirugarren aldia da eta bi estradizio eskaera dira. Lehenengoan, 2000ko irailaren 27an Parisko Auzitegiak ezezkoa eman zuen. Baina, duela urte batzuk estradizioei buruzko hitzarmena birmoldatu zela-eta, 2010eko azaroan espetxetik ateratzeko zorian nintzela, Madrilek berriro aurkeztu zituen eskaera berberak. Hala, Versaillesko Dei Auzitegiak aztertu zituen eta iazko otsailaren 15ean erabaki bera hartu zuen, eskaerak ez onartzea, alegia. Fiskalak, baina, helegitea jarri zuen eta Kasazio Gorteak Versaillesko epaia baliogabetu zuen ekainean. Hortaz, bihar Pariseko Auzitegiak aztertuko ditu, hirugarren aldiz.  

Zergatik ezeztatu zuten Versaillesko epaitegiaren erabakia?

Kontu tekniko-juridikoak tarteko. Lehen aipatu dudan Dublingo hitzarmenak ahalbidetzen du elementu juridiko berriak badirelarik estradizioa berriro planteatzea. Nire abokatuak argudiatu zuen ez zegoela elementu berririk eta epaitegiak eskaera ez zela onargarria ebatzi zuen. Orduan fiskalak helegitea aurkeztu eta epaiketa berriro egitea agindu zuen Dei Auzitegiak.

Oraingoan estradizioa onartuko balute, helegitea jartzeko aukerarik ba al duzu?

Bai, eta hala gertatzen bada, jartzeko asmoa dut. Ezezkoa bada, berriz, fiskalak ere badu aukera hori. Gainera, gerta daiteke epaitegiak erabakia hartu bitartean edota helegitearen prozedura amaitu bitartean espetxeratua izatea ere.

Estraditatzea ukatuko balute, ze panorama ikusten duzu?

Panorama ez da batere erraza. Berez, Estatu frantsesean bizitzea debekatua dut, eta hirugarren herrialde bat aukeratzeko esan didate. Baina, nik nire buruan daukadan hirugarren herrialde hori Euskal Herria da. Ikusiko dugu nola doazen gauzak. Baliteke berriro Frantzian bertan konfinatua izatea; aukera hori ere buruan daukat.

Madrilera entregatu zaitzaten temati ari dira saiatzen zurekin. Estradizioaren bidetik ezingo balute, euroaginduarena posible litzateke zure kasuan?

Hala da, itxuraz Espainian nahi naute. Hirugarren aldiz epaituko naute bi estradizio eskaera  berberengatik. Beren legeen arabera, nire kasuan ezin dute euroagindua eskatu. Baina, hauekin nork daki? Ni ez naiz batere fidatzen, kapaz dira estradizio mozorrotu bat prestatzeko.  

Otsailaz geroztik konfinatuta zaude Autunen.

Bai. Versaillesko epaitegiak estradizio eskaerak atzera bota zituelarik, «aske» utzi ninduten, baina helegitea ebatzi bitarte horretan eta kontuan izanik Frantziako lurraldean egoteko debekua dudala, hemen konfinatu ninduten, nire herritik 850 kilometrora, kontrol neurri oso zorrotzak ipinita.

Zeintzuk dira baldintza horiek?

Egunero bi aldiz joan behar dut jendarmeriara sinatzera, goizeko hamaiketan eta arratsaldeko bostetan. Horrek lotzen nau egun osoan ordutegi horiekin adi ibiltzera. Horretaz aparte, ezin naiz Autun herritik irten. Mugimendua mugatua dut. Baldintzak oso gogorrak dira eta, nire ustez, jendea ez da horretaz ohartzen.

Zer da etxetik hain urrun eta herri horretatik atera ezinik egotea?

Libre ez izatea. Kartzela handi batean egongo banintz bezala sentitzen naiz, nahiz eta hau zaila den ulertzea. Konfinamendua barroterik gabeko kartzela bilakatzen da eta ohartzen zara, pixkanaka, zeure buruaren kartzelero bihurtzen zarela, sinatzeko orduetan txintxo agertu eta herriko mugak zerorrek kontrolatuz.

Bestetik, bisitara etortzeko familia eta lagunentzat bidaiak neketsuak eta garestiak dira. Noski, bisitak ez dira espetxetako baldintzetan izaten, hor alde handia dago, eta ondo disfrutatzeko aukera izaten dugu. Autoan 8 edo 9 orduko bidaia egiten dute etortzeko; trenez luzeago egiten da.

Nola ematen dituzu egunak? Lagunik egin al duzu bertan?

Lehen asteak eta hilak batera eta bestera gelditu gabe ibili nintzen, herria ezagutu eta norbaitekin harremanak egiteko asmotan. Horrela pintura erakusketak eta abar ikustera joaten hasi nintzen, espetxean nintzelarik asko margotu bainuen. Hala hasi nintzen harremanak egiten eta pixkanaka jendea ezagutzen joan naiz; benetako lagun onak ere egin ditut. Horiei esker, nire egoera samurragoa da eta behar dudanean, autoan batera edo bestera eramaten naute. Elkarrekin bazkaldu eta tertuliak ere izaten ditugu. Hemen jende gutxik ezagutzen du Euskal Herriko errealitatea eta, beraz, nire izaera eta Autunen egoteko arrazoia. Galdetzen duten guztiei garbi azaltzen diet guztia.

Lanik egiteko aukerarik ba al duzu?

Udaberritik negura bitartean lan pixka bat egiteko aukera izan dut. Beltzean, jakina. Polê d'Emploi (lan bilaketarako zerbitzua) deritzon etxe horretan ez didate onartu langabeen zerrendan jartzea, nortasun agiria eguneratua ez dudalako. Beraz, handik eta hemendik lan txiki batzuk eskaini dizkidate eta horrek okupatu dit denboratxo bat, egun guztiz bueltaka ibili ordez.

Herrikoekin loturarik ba al duzu?

Bai, eragozpen guztien gainetik, senideak eta lagunak bisitan etortzen zaizkit. Horrez gain, Internet eta teknologia berriak deskubritu ditut eta harremanak berrartzea eta berriak egitea ahalbidetu didate. Egunero «konektatzen» naiz eta horri esker egoera hau eramangarriagoa egiten zait. Gainera, Euskal Herriko kontuak hurbiletik jarraitzeko aukera ematen didate. Adibidez, larunbateko manifestazioarekin hori gertatu zitzaidan. Bilbon izango banitz bezala sentitu nintzen!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo