GARA > Idatzia > Euskal Herria

Arantzadiko egitasmoa gelditzea nahi du Bilduk, bertako baratzeak babesteko

Iruñeko Bilduko zinegotziek Arantzadiko parkearen proiektua behin-behinean gelditzeko eskatu dute, bertako baratzeak babesteko, eragileen parte hartzea bermatzeko eta ordaintzeko zailtasunak izango dituen egitasmo bati ez ekiteko. Bihar aztertuko du Udalak egitasmoa.

p017_f01_097x148.jpg

Martxelo DIAZ | IRUÑEA

Arantzadiko baratzeak desagertzea eragozte aldera, Arga ibaiertzeko parkearen egitasmoa behin-behinean gelditzeko eskaera egin zuen atzo Iruñean Bilduren udal taldeak.

Eva Aranguren eta Peio Martinez de Eulate zinegotziek azaldu zutenez, Arantzadi parkearen egitasmoa bihar aztertuko da Hirigintza Kudeaketaren batzarrean. Dena den, Iruñeko Udalak aurrekonturik ez duenez, udalbatzak oniritzia eman beharko dio halabeharrez egitasmoari aurrera egin ahal izateko. Hilaren 20an izanen da hurrengo udalbatza.

Zinegotzi abertzaleek nabarmendu zutenez, Udalaren egitasmoak ez du betetzen gune berde batek izan behar dituen helburuak, proiektuak aparkaleku bat, errepide bat eta eraikin berriak aurreikusten dituelako.

«Iruñean, ia-ia hiriaren erdigunean, gainprodukziorik gabe eta modu ekologikoan ekoizten diren barazkiak ditugu Arantzadin. Hiritarrek zuzenean erosteko aukera dute. Inguruko beste hirietan horrelakoak berreskuratzen saiatzen dira, baina gurean desagertzearen alde egiten dute agintariek», nabarmendu zuen Martinez de Eulatek.

Udalaren egitasmoaren arabera, baratzetako jarduera bigarren mailakoa izanen litzateke, 80.000 metro koadro inguruko orubea galduz. Horrez gain, jendarte arloan lan egiten duten Elkarkide gisako taldeak bertatik desagertuko lirateke UAGN sindikatuaren kontrolpean dagoen Fundagro fundazioaren mesedetan.

Bestetik, Iruñeko Udalaren egoera ekonomikoa kontuan hartu behar dela gaineratu zuten Bilduko zinegotziek. Parkearen egitasmoak 10 milioi euroko aurrekontua du, baina bi fasetan banatuta dago. Lehenbizikoan Europar Batasunaren finantzaketa lortzeko aukera dago, aurrekontuaren %80 arte. Halere, Udalak milioi bat euro inguru jarri beharko luke lehen fase hori aurrera eramateko.

«Afera bigarren fasearekin dator, Udaleko agintariek argi eta garbi onartu baitute Europaren finantzaketa ez dagoela bermatuta. Soilik lehen faserako diru laguntza dute lotuta», azaldu zuen Arangurenek.

Zulo ekonomikoa

Gauzak horrela, egitasmoa abiatuz gero, zulo ekonomiko handi batean sartzeko arriskua dagoela ohartarazi zuten Bilduko zinegotziek.

«Arantzadin gauzak egitearen alde gaude, baina diru gutxirekin egin daitezkeela diogu», esan zuen Martinez de Eulatek, parkearen egitasmoan xahutu beharrekoak behar larriago batzuetara bideratu daitezkeela gaineratuta. Adibide gisa, Alde Zaharrean euskarazko Haur Eskola beharrezkoa dela gogorarazi zuen.

Parte hartzea ere izan zuten hizpide Bilduko zinegotziek proiektua gelditzeko argudioen artean. Baratzeak mantentzearen aldeko plataforma bat sortu dela oroitarazi zuten eta badirela gai honen gaineko iritzia plazaratu duten elkarte ugari ere. Egitasmoa gelditzeak talde horien guztien ekarpena jasotzeko parada emango luke, Bilduko hautetsien esan zutenez.

«Proiektua gelditzea erabakiz gero, ez dugu ezer galduko eta asko izan genezake etorkizunean irabazteko», gaineratu zuen Arangurenek.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo