GARA > Idatzia > Ekonomia

Zor publiko ez-zilegien aurkako taldeak kontu-ikuskaritza publikoa eskatu du

Zor publiko ez-zilegien kontrako herri kolektiboak zor horien guztien kontu-ikuskaritza publikoa egitea eskatu du, eta hori lortzeko sinadura kanpaina jarri du abian. Kolektiboa hainbat sindikatu, alderdi politiko eta elkartek osatu dute eta eragile gehiago batzea dute xede.

p026_f01_148x108.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Euskal Herriko ATTAC, Estuaire Adour Errobi eta Bizi kolektiboek, CGTko trenbide eta heziketa sailek eta FSUk osatzen dute taldea. Lehen urratsak egiten ari den kolektiboak zabaltzeko asmo argia erakutsi du eta sostengu anitz lortu ditu jadanik, NPA, Parti de Gauche eta Suminduak mugimenduaren eskutik, besteak beste.

Alderdi, sindikatu, elkarte eta norbanakoei parte hartzera dei egiteaz gain, kontu-ikuskaritza publikoaren aldeko eskaera sinatzera deitu dute, jadanik Interneten jarria dutena www.audit.citoyen.org helbidean. «Botereak beldurraren bitartez austeritate politika ezarri nahi du, konponbide bakarra errua biztanleriari leporatzea delarik», azaldu zuen ATTACeko Claire Deruyk.

Hori gaitzetsita, zorraren ikuskatze publikoa eskatzen dute, horrela zilegizko zorra eta ez-zilegikoa zehazteko eta horren arabera ordaintzeko. «Zor legitimo guztiak finantzatu behar dira, osasuna, hezkuntza, zerbitzu sozialak... Diagnostikoa egin eta gero, egin beharrekoaren araberako alternatiba ezberdinak eztabaidatu beharko lirateke», gehitu zuen ATTACeko kideak.

Mailegu toxikoak

Baionako oposizioko ezkerreko kide Eliane Pibouleauk mailegu toxikoak izan zituen hizpide; erakunde publikoetara «atzerapenarekin datozen bonbak» dira horiek, bere esanetan. «Gobernuak ez du horren arriskua ulertu; horrelakorik ez gertatzeko neurriak ezarri behar dira». Zor espekulatiboak gure artean sortu dituen kalteen berri emango duen herriz herriko azterketa egingo du kolektiboak.

Kontu-ikuskaritzaren garrantzia eta bideragarritasunaren berri emateko zenbait ekimen antolatu ditu zor ez-zilegiaren kontrako taldeak. Otsailaren 17an Angeluko Denen Etxean mahai-ingurua eginen dute alderdi ezkertiarretako hainbat ordezkarirekin eta Dominique Plihonen zuzendaritzapean. Plihon Paris XIII unibertsitatean finantza politikako irakaslea da.

Herriaren ekonomia arriskuan zegoen unean zor ez-zilegia ez ordaintzea erabaki zuten Argentina eta Ekuadorreko kasuaren berri ematen duen «Deudocracia» dokumentala zabalduko dute Ipar Euskal Herrian eta Landen hegoaldean. «Gaur egun, zorrari loturik beldurraren politika ezartzen digutelarik, beste aukera batzuk badirela erakusten du dokumentalak», nabarmendu zuen Deruyk.

ZOR EZ-ZILEGIA

«Zor ez-zilegia, botere publikoek beren gain hartu dutena da, interes publikoarekin bat egin ez arren; `zor espekulatibo' ere kalifikatu daiteke» azaldu zuen NPAko Martine Mailfertek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo