GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hiru urteko zigorra ezarri dio epaile batek AHTren kontrako jarrerari

AHTko lanetan eserialdi baketsu bat egitea kartzelarekin zigortu behar dela uste du Gasteizko Zigor Arloko 2. Epaitegiak. Hain zuzen, AHTren kontra agertzeagatik, Ertzaintzak Urbinan atxilotu zituen sei gizonei hiru urteko kondena ezarri zien atzo Elena Cabrero epaileak.

GARA | GASTEIZ

Gasteizko Zigor Arloko 2. Epaitegiak, AHTren lanak salatzeagatik, Ertzaintzak Urbinan atxilotu zituen sei lagunei guztira hiru urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri zien atzo. Horrela, auziaren epaile Elena Cabrerok, Fiskaltzak eskatutako zigorraren -zazpi urtekoa- erdiari onespena eman zion.

Epaitutako gertaerak 2009. urteko urtarrilean jazo ziren Urbina herritik hurbil dauden AHTko lanetan. Hil horretan AHTren kontra dauden milaka lagunek herriko erdigunean zehar manifestaldi bat egin zuten Euskal Herrian ezarri nahi duten azpiegituraren kontrako jarrera erakusteko. Auzipetutako sei lagunek joan den urrian azaldu zuten bezala, manifestaldiaren bukaeran mobilizazioan parte hartu zuten pertsona batzuk AHTko lanen esparruan sartu ziren eserialdi baketsu bat egiteko asmoz.

Cabreroren ustez, ordea, ekintza horretan parte hartu zuten pertsonek bertaratu ziren ertzainei harriak bota zizkietela egiaztatuta geratu zen urrian izandako epaiketan. Hori aintzat hartuta, Julio Martin, Justo Arriola, Aitor Aspuru eta Imanol Madariagari desordena publikoak eragiteagatik zazpina hilabeteko kartzela zigorra ezarri die. Cabrerok epaian azaldu zuenez, auzipetuek «garraiobide baten kontra atentatua egin zuten», eta bertaratutako «ertzainei eraso zieten». Bestetik, epaileak Ekaitz Lotinari 120 euroko isuna ezarri dio poliziei bere izena ez emateagatik.

Bukatzeko, Cabrerok Pablo Remirezeri urtebeteko espetxe zigorra -auzipetuaren abokatuak fiskaltzarekin adostuta- ezarri dio ertzain bati erasotzeagatik. Horrez gain, Remirezek ertzainari erasoan eragindako kalteengatik 815 euro ordaindu beharko dizkio.

Bilera Madrilen

Lakuako Garraio sailburu Iñaki Arriola (PSE) Sustapen ministro espainol Ana Pastorrekin (PP) bilduko da gaur Madrilen, AHTri dagokion inbertsioa ziurtatzeko asmoz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo