GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

kirol eskalada | Jarduerak

Enzo Oddo, 16 urteko gaztea muturreko zailtasunean sasoiko

Enzo Oddok 16 urte besterik ez ditu, baina, hala eta guztiz ere, izarra dugu kirol eskaladan. Eskalatzaile frantziarraren ibilbidea eta «lan-poltsa» ikusita, lasai asko esan genezake muturreko zailtasunean «pole position»-a lortu duela. Dagoeneko 9a+ graduko lau bide kateatu ditu: «Realization» (Ceusse), «Aubade directe» (Sainte- Victoire), «La moustache qui fache» (Entraygues) eta «La Rambla» (Siurana). Horri guztiari, jakina, zenbait 9a eta zailtasun handiko bide ugari gehitu behar zaizkio.

p042_f02.jpg

p042_f03.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Azken asteotan, Enzo Oddo Katalunia aldean izan da, eta, oso denbora gutxian, sasoi betean dagoela erakutsi du. Izan ere, 9a+ zailtasuneko bide bat eta beste bi 9a sinatu ditu. Hori da frantziarrak egindako bidaiari eman dakiokeen izenburu nagusia. Hasteko eta behin, Oddo Perlesko (Lleida) eskalada eskolatik igaro zen. Tximista moduko bisitaldia izan zen, besteak beste, bere erronka nagusia di-da batean bete zuelako. «Esclamatasters» (9a) zen bere helburua, eta, aurreratu dugun legez, oso azkar poltsikoratu zuen.

«Erraztasun» hori ikusita, Oddo Siurana (Tarragona) aldera abiatu zen «La Rambla» bideari (9a+) ekiteko. Eta 25 saio egin ostean, pasa den abenduaren 12an, Alex Huberren bidea bere zerrenda berezira pasa zuen. Gogora dezagun, marra hori, bere zailtasunean, munduko entzutetsuenetarikoa dela. Lehena kateatzen Ramon Julian izan zen, orain dela zortzi urte. Ordutik soilik beste sei igoera izan ditu: Edu Marin, Chris Sharma, Andreas Binhammer, Patxi Usobiaga, Adam Ondra eta Oddo berarena.

Emaitza bikainak erdiesten ari zen Oddo bere bidaian, eta etxera itzuli aurretik beste xede batean buru-belarri murgildu zen. «La Rambla» bidearen alboan dagoen «Estado crítico» bidea izan zen bere bidaiaren azken helburua. Beraz, El Pati sektoretik atera gabe. Eta buruhauste handirik gabe, duela pare bat aste, 9a zailtasuneko bide hori ere poltsikoratu zuen. Besteak beste, 9a+ bat eta bi 9a bidaia labur batean. Horixe izan da Oddok lortu duena; eta berriro diogu, soilik 16 urterekin.

Gazte-gaztetatik goi mailan

Batzuk diote Adam Ondra txekiarraren ibilbide bera jarraitzen ari dela. Alderaketak ez dira batzuetan oso egokiak izaten, baina argi dago Ondra zein Oddo ibilbide antzekoa izaten ari direla. Chris Sharmak, bederen, adierazi du frantziarra bere oinordekoa dela. Ikusiko da.

Oddo 9 urterekin hasi zen eskalatzen, eta, 15 urte zituela, bere lehenego «lurrikara» entzun zen. Ceuseko «Realization» bidea kateatu zuen. Gogora dezagun 15 urterekin 9a+ graduko bide bat kateatu duten bakarrak Ondra eta Oddo bera izan direla.

Sharma izan zen bide hori kateatzen lehena, eta, hain justu ere, estatubatuarraren bideoa ikusi ondoren, «Realization» bidean sartzea erabaki zuen: «Gradu horretako bide gutxi daude Frantzian, eta Sharmaren bideoak markatu egin ninduen. Nire estiloko bidea da, eta 9a+ egin ahal nezakeen probatu nahi nuen. 2009. urtean lehen saioak egin nituen, baina ez nengoen batere prestatuta. Gogor entrenatu nuen, eta 40 saio egin ondoren kateatu nuen. Pozarren nengoen eta aske sentitu nintzen; besteak beste, 9a+ bat egiteko lan gogorra egin nuelako. Motibazio asko ere eskatzen dizu, eta une batzuetan estresak harrapatu ninduen. Hori eta presioa gainditzea ez zen batere erraza izan».

Aurreratu dugun legez, ondoren gradu horretako beste hiru bide sinatu ditu; azkena, «La Rambla». Jakina, bide bakoitzaren zenbaki eta letrari garrantzia ematen dio Oddok, baina beste eite batzuk ere azpimarratu nahi ditu: «Graduari baino mugimenduen zailtasunari eta aurkitutako zailtasun horiek gainditzeari garrantzi gehiago ematen diot. Horrek guztiak esfortzu eskerga exijitzen du, eta lan horretan murgiltzea gustuko dut».

Zailtasunean gora

Ondrak bezala, zailtasunean oso azkar egin du gora, eta, horren giltza zein den galdetzen diotenean, gazteak zera erantzuten du: «Nahiz eta blokeko pausuak dituzten erresistentzia motzeko bideak gustatu, beste estilo batzuk ere probatzen ditut. Eta uste dut horrek asko lagundu didala nire progresioan. Gainera, soilik gustatzen zaizkidan bideak probatzen ditut. Eskalatzen ordu asko pasatzen ditut; beti eskaladan pentsatzen ari naiz. Eta, gainera, hori egiteko zortea dut. Batzuk zer-nolako entrenamenduak egiten ditudan galdetzen didate, eta erantzuten diet ez dudala entrenamendu espezifikorik egiten; soilik arrokan eskalatzen dut».

Oddo oso indartsu sartu da muturreko zailtasunean. Oso gaztea da, 16 urte besterik ez ditu, eta, beraz, argi dago aurrerantzean ere frantziarraren berri izango dugula. Momentuz, Kataluniara egin duen bidaia izugarri argigarria zaigu.

SASOI BETEAN

Enzo Oddok dagoeneko 9a+ zailtasuneko lau bide kateatu ditu. Azkena, Siuranako «La Rambla» marra izan da.

Iker Pou, Margalefeko beste 9a+ bat poltsikora

Enzo Oddok baino hamazortzi urte gehiago ditu Iker Pouk; beraz, denbora pasa da nerabezaroa atzean utzi zuenetik. Bai, Pouk 34 urte ditu, beteranoa da, baina indartsu dabilela inork ez du ukatzen. Horren isla da pasa den hilak 2an Margalefeko (Tarragona) Balco de l´Ermita sektorean sinatutako lehen igoera bat. «Nit de bruixes» du izena bideak, eta harentzat 9a+ zailtasuneko proposamena egin du. Proiektu hori 2006an ekipatu zuen Margalefeko «ekintzaile» nagusienetako batek: Jordi Pouk. Nahiz eta marra horretan bakan batzuk saiatu diren, bost urte igaro behar izan dira bidearen sarreran puntu gorria pintatzeko.

Gasteizko eskalatzaileaz gain, Ramon Julian izan da «Nit de bruixes» bidea probatu duena. Saio batzuk egin eta gero, asmo hori bertan behera utzi behar izan zuen nazioarteko lehietan buru-belarri sartzeko.

Baina, diogun bezala, Pou izan da bidea igotzen lehena. Iazko neguan ere ekinaldiak egin zituen, baina etxera esku hutsik itzuli zen. Horrela bada, arabarrak argi asko erakutsi du Margalefeko estiloa ondo baino hobeto menderatzen duela. Gogora dezagun duela pare bat denboraldi, Margalefen bertan, bere lehen 9a+ graduko marra sinatu zuela: «Demencia senil».

Bada, «Nit de bruixes» bideak ia ezaugarri berdinak ditu: indar-erresistentzia eta hatz bateko zein biko heldulekuak. Pouk kateatu berri duen bideak 30 metroko garaiera du. Lehen zatiak 8c zailtasuna du, eta bigarrenean dago giltza: hiru zinta oso intentso. Eta horrentzat guztiarentzat 9a+ proposatu du; hots, gasteiztarraren zailtasun bereko bigarren bidea. Marra horretaz gain, Pouk Renaud Moulin frantziarrak duela gutxi Espadellesen ekipatutako «Rocaina dura» bidea (8b+) bistaz egin du. A. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo