GARA > Idatzia > Kirolak> Real Sociedad

Zubietako harrobian lehen harria ezartzen ari dira realeko jubenilak

Realeko jubenilen Ohorezko Mailako taldeak hamar garaipen daramatza jarraian denboraldi honetan, hain zuzen ere, Imanol Alguacil jokalari ohiak taldearen zuzendaritza hartu zuenetik. Igande arratsaldean, Athleticen aurka, Lezaman, lidergoa izango dute jokoan txuri-urdinek.

p037_f01_181x140.jpg

Imanol CARRILLO

Realeko harrobiak azken urte hauetan izan duen eraldaketaren erakusleiho nabarmena da gaur egun Zubieta. XXI. mendean sartzearekin batera -nahiz eta askoz ere lehenagoko lana izan den-, talde txuri-urdinak gogor egin zuen apustu jokalari gazteen alde, eta horren emaitzak oso argi ari dira ikusten garai berri hauetan.

Gipuzkoako futbol talde guztiekin hitzarmena izateaz gain, Realeko harrobia 140 bat gaztez osaturik dago, zazpi taldetan sakabanaturik (infantiletako bi, kadeteetako bi, jubeniletako beste bi eta Sansekoa). Baina horietako bi nabarmentzekotan, kadeteen Euskadiko Ligako eta jubenilen Ohorezko Mailako taldeak dira aipatu beharrekoak, euren mailetako liderrak baitira denboraldiko une honetan. Hala ere, bigarrena da, jubenilena, sekulako bolada daramana, hamar partida baitaramatza garaipena lortuz.

Hauexek dira jokalari txuri-urdinen azken hamar jardunaldietako emaitza positiboak: Arenas (3-1), Casablanca (1-2), Santutxu (2-1), Barakaldo (0-2), Eibar (2-0), Leioa (0-2), Valvanera (1-0), CD Pamplona (3-0), Durangoko Kulturala (1-2) eta Danok Bat (6-1). Azken hori, gainera, hirugarren tokian dago sailkapen nagusian. Bestalde, ligako hemezortzi jardunaldi jokatu diren honetan, talde donostiarrak 38 gol sartu ditu, eta beste 18 jaso. Ez da talderik golegileena (bigarren onena da, Danok Batek gol bateko aldea ateratzen dio, eta Osasunarekin berdinduta dago), ezta gol gutxien jaso dituena ere (Athleticen eta Berceoren atzetik), baina bai erregulartasun handiena erakutsi duena azken partidetan.

Bolada bikain hori ez da denboraldi hasieran gertatu, hiru garaipen, bi berdinketa eta hiru porrot izan baitzituzten donostiarrek. Hala ere, kasualitateak kasualitate, egoerak hoberantz egin zuen iragan azaroaren 5eko asteburuan, bederatzigarren jardunaldian, Iñigo Cortes Philippe Montanierren taldera igo eta gero, Imanol Alguacil Realeko jokalari ohia taldeaz jabetu zenean.

Lan taldea

Ondo ezagutzen zuen taldea Alguacilek, Cortesen laguntzailea izan baitzen ordura arte aulkian. Realera iritsi baino lehen, Orioko taldean ibili zen Mikel Lasa jokalari ohiarekin batera. Ondoren, Zarauzko jubenilen Liga Nazionaleko taldea zuzendu zuen. Orain, Iñigo Agirrezabalaga (bigarren entrenatzailea eta delegatua), Oier Agirrezabalaga (prestatzaile fisikoa) eta Imanol Soroa (fisioterapeuta) lagun dituela, beste helburu bat du buruan: igandean, Athleticen aurka, lidergoari eustea (Lezama, 16.00etan).

Oraindik jarraitzaile askorentzat izen ezezagunak badira ere, datozen urteetan lehen taldean edota beste klub batzuetan ikusi ahal izango ditugun jokalariez osaturik dago Realeko jubenilen Ohorezko Mailako taldea: Jokin Gorria, Ignacio Renovales, Aitor Castro, Alejandro Sanz, Mathieu Blasco, Urtzi Arruti, Lander Iparragirre, Ander Bardaji, Julen Egaña, Alain Oiartzun, Michael Santovenia, Josu Izagirre, Alexander Iriondo, Aitor Urrutia, Iker Hernandez, Asier Capilla, Luis Rodriguez, Borja Martin, Aritz Elustondo, Mikel Lopetegi, Quentin Favris, Joseba Muguruza eta Imanol Villena.

Zerrenda horretan agertzen ez diren beste jokalari batzuk ere badaude, baina horiek Hirugarren Mailako taldeetan utzita jokatzen ari dira, betiere euren formaziorako hobea delakoan. Hori horrela izanda, Realarekin hitzarmena sinatuta duten Gipuzkoako klubek laguntza jasotzen dute.

Jubenilen entrenatzaileaz gain, badago taldea ondo ezagutzen duen beste pertsona bat: Luki Iriarte, Realeko formazio-taldeen arduraduna. 1999. urteaz geroztik ezagutzen du Zubietako funtzionamendua, eta argi du zein den bertako helburua: «Modelo bat ezartzea lortzen eta jokalariek kalitatezko formazio egokia izaten ahalegintzen gara, era integralean, balioetan heziketa sendoa emanez, ikasketek duten garrantzia ikusaraziz, eta teknikoki, taktikoki, fisikoki eta psikologikoki lana eginez». Horrek guztiak epe luzerako beste helburu batzuk ditu. «Zenbat jokalari iristen diren lehenengo taldera, nola prestatuak iristen diren lehenengo taldera eta zein emaitza ematen duten lehenengo taldean», argitu du Iriartek.

Jubenilen egoera onari buruz, aldiz, jokalarien «ilusioa» eta «lan gogorra» goraipatu du Zubietako talde gazteen arduradunak. Izan ere, «pausoz pauso denboraldi polita egiten ari dira». Entrenatzaileen lan ona ere eskertzen du, «azken batean, ibilbide eta formazio bat dutelako, eta klubak dituen helburuak aurrera ateratzeko, hona etortzen direnean gogor egiten dutelako lan».

Hala ere, bolada bikainaren arrazoia ez dela Imanol Alguacilen lanarengatik bakarrik gertatu argi utzi nahi izan du. «Lan guztiaren ondorioagatik izan daitekeela uste dut. Norbaiten eskua beti ikusiko da, baina Zubietan egiten den lana baloratuko nuke gehienbat», adierazten du.

Zubietan egotearen garrantzia

Jokalari gazte guztien helburua beti izaten da lehen taldera igotzea eta bertan jokatzea. Zentzu horretan, Luki Iriarteren hitzetan, Zubietakoa «agian futbol profesionalean jokalari gehien ateratzen dituen harrobia da». Horregatik, jokalari gazteek «bertan duten aukera baloratu behar dute. Argi dago bidea oso zaila dela eta denek ez dutela aukera hori izango, baina gutxienez, non dauden eta zein aukera dauden baloratu behar dute».

Nahiz eta Zubietakoa Estatuko harrobien artean onenetarikoa izan, Luki Iriartek oso argi du «horrek ez gaituela itsutu behar eta jakin, hau horrela izanda, urtero bizpahiru jokalari ateratzen badira, asko dela, portzentajea handia dela».

Realeko lehen taldera iristeko ibilbide luze eta gogor horretan, aukera bikaina dute jubenilek asteburu honetan lehen harria ezartzeko. Athletici bisita egingo diete txuri-urdinek. Derbiak pizten duen giro bereziaz gain -berdin dio zein mailatan neurtzen diren-, lidergoa dute jokoan donostiarrek, eta horretan dabiltza lanean aste osoan. Hala ere, nahiz eta «beste puntu bat izaten duten era honetako partidek, jokalariei ez zaie ezer berezirik esan behar prest egoteko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo