GARA > Idatzia > Euskal Herria

Amaiurrek bilkura erronda egingo du Nafarroako hainbat gizarte eragilerekin

Madrilen Euskal Herriaren eskubideak defendatzeko harturiko konpromisoaren ildotik, Nafarroako gizarte eragileekin biltzeko erronda bati ekingo dio Amaiurrek, atzo Sabino Cuadra diputatuak Iruñean egindako agerraldian azaldu zuenez.

p015_f01_148x116.jpg

GARA |

«Amaiur Euskal Herriaren eskubideen aldeko defentsa egitera joan da Madrilera, eta zentzu horretan, Euskal Herriko jendartearen beharrei erantzutera, alderdi interesen gainetik. Hala bada, gure herria ongi ezagutzeko konpromisoa hartu genuen, bere kezkak, beharrak eta nahiak ezagutu eta defendatzekoa», adierazi zuen atzo Sabino Cuadra diputatuak, Nafarroako eragileekin biltzeko erronda bati ekingo diotela iragartzeko Iruñean egin zuen agerraldian.

«Bizi dugun krisi egoeraren aurrean Rajoyren Gobernutik datozen neurriei erantzuteko gure herriko mugimendu sindikal eta sozialarekin harremanetan egon behar dugu. Zorpetze publikoaren aitzakiapean, konpetentziak kendu nahi dizkigute, lehendik ere mugatua dugun subiranotasun ekonomikoa menpekoagoa bilakatuz. Horren aurrean herriaren subiranotasun ekonomikoa defendatu behar dugu Madrilen», aldarrikatu zuen Cuadrak, UPNri eta PSNri Nafarroako autogobernua alboratzea eta PPren politikaren aurrean men egitea egotzi zielarik.

Foru baimena baliatzea

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuari eta herrialdeko alderdi guztiei dei egin zien Amaiurreko hautetsiak, PPren Gobernuak proposatzen dituen neurrien aurrean, duela mende bat Gamazadan egin bezala jokatzeko eta «pase forala» baliatzeko.

1893an Gobernu espainolak Nafarroako foruen aurka egin zuen erasoari erantzunez sortu zen matxinada gogora ekarri zuen Cuadrak. German Gamazo ministroaren izena dela-eta hartu zuen izen horrek matxinadak; hain zuzen ere, zerga-arautze zentralista baten aurka altxatu ziren orduko nafarrak. Burujabetzaren aurka jotzen duten Madrilgo aginduak ez betetzeko aukera dakar foru baimenak.

«Bestalde, gatazkaren konponbide definitiborako beharrezko dugu eskubide sozial eta politikoen inguruan mugitzen den herri mugimenduarekin harremanak estutzea, gatazkak utzi dituen eta oraindik ere sortzen dituen errealitate desberdinei zor zaien irtenbidea emateko», gaineratu zuen Cuadrak.

Amaiurreko diputatuak azaldu zuenez, bi helburu jorratu nahi dituzte eragileekin egingo dituzten bileren bidez. «Lehena, gure herriko problematika nagusietan inplikaturik dauden eragileen kezkak ezagutzea eta harremanak estutzea krisiari aurre egin eta gatazkaren konponbidean urratsak emateko; eta bigarrena, Amaiur koalizio berria izanik, bere Madrileko jardueraren berri eman eta bere lanaren izaera azaltzea», azaldu zuen.

men egin

PPk Madrilgo Gobernutik ezarri dituen murrizketen aurrean men egitea egotzi zien Cuadrak UPNri eta PSNri, bide batez, autogobernuaren aldeko jarrera hartzearen beharra nabarmendu zuelarik.

harremanak

Nafarroako jendarte eragileekin bilduko da Amaiur beraien kezken, beharren eta nahien berri izan eta Madrilgo Parlamentuan defendatu ahal izateko. Krisi egoerak arreta berezia izango du bilera hauetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo