GARA > Idatzia > Euskal Herria

SEBAS ETA ARANTZA GALDOS ERRIONDO | HAUR LAPURTUEN USTEZKO KASU BATEN BIKTIMAK

«Sarea mugaren beste aldera zabaldu bazen, kasu gehiago egon behar direla uste dugu»

Errenteriako anai-arrebek ez zuten ezer susmatu, iaz, komunikabideetan lehen salaketak agertu ziren arte. Akizen jaio eta ustez berehala hil zen anaiaren inguruan ikertzen ari dira Christiane Fando abokatuarekin. Estatu frantsesean beste kasurik ba ote dagoen jakin nahi dute.

p014_f02.jpg

Sebas eta Arantza Galdos Erriondo anai-arrebak Errenterian bizi dira, 1972. urtean Estatu frantsesetik bueltatu zirenetik. 1959an eta 1960an jaio ziren hurrenez hurren, eta hiru urte beranduago, hain zuzen 1963an, Josu jaio zen, hirugarren anaia, alegia. Azken urtean Euskal Herrian lapurtutako haurren inguruan egin diren ehunka salaketen harira, arrazoiak dituzte euren familiakoa beste kasu bat izan daitekeela pentsatzeko. «Hasieran zeure irudimena dela pentsatzen duzu, baina paperek beste gauza bat erakusten dute», adierazi diote GARAri Galdos Erriondo anai-arrebek.

«Etxean betidanik jakin dugu amak eta aitak seme txikia galdu zutela. 1963ko apirilaren 21ean jaio zen, gu bezala, Daxeko [Akize] Hôpital Hospice-n», azaldu dute. Egoitza, ospitala izateaz gainera, haurrak adopzioan emateko lekua zen, betiere legearen barruan gauzatzen ziren adopzioak. Jaiotzaren hurrengo eguna «normaltasun osoz» igaro zela zioten, eta umea amaren zaintzapean egon zela. Baina «apirilaren 23an haurra gelatik eraman zuten eta gure amak egun osoan galdetu zuen arren, ez zioten argibiderik eman. Aita lanetik bueltatu zenean esan zioten medikuek meningitisak jota hil zela eta dagoeneko lurperatuta zegoela».

Etxean min handiaz bizi izan duten gertaera da, heriotzaz beraz gain, hori kudeatzeko moduarengatik eta Galdos Erriondo familia tratatzeko moduarengatik. «Krudelkeriaz betetako ekintza bezala ulertzen genuen, hiru egun besterik ez zituen haurra hobi komunean utzi genuen, erabakitzeko eskubiderik izan gabe».

Iazko martxoan ordea, euren kasuak lehenengo salaketa haiekin antzekotasunak zituela ohartu ziren: «Paperetan bilatzen hasi ginen... eta ordura arte itxita egon zen ate bat ireki zitzaigun», zioten. Esku artean dituzte jaiotza eta heriotza agiriak. Azken horren kasuan, bi bertsio ezberdin dituzte: batetik Madrilgo kontsuletxeak igorritakoa, eta bestea Akizeko Udalean lortutakoa. Bietan, heriotza orduak eta arrazoiak ezberdinak dira. Halaber, «Josu amaren baimenarekin Daxeko hilerrian lurperatu zela diote paperek, baina amaren sinadura ez da inon agertzen. Susmatzeko moduko datuak ditugu, eta izen-abizenak ere baditugu».

Ospitalera ere jo zuten erregistroen bila, baina gutun ofizial baten bidez adierazi zieten «1960tik aurrerako artxiboak desagertu edo apurtu egin zirela, uholde batzuk eragindako kalteetan».

Akizeko hilerrira ere bertaratu ziren erregistroaren bila. «Han harrituta gelditu ziren, halakorik gertatu zitekeenik nola pentsatu genezakeen. Frantziako mentalitatea beste bat da, han ez dute onartzen halako kasuak gerta daitezkeenik». Azkenean, erregistroa begiratzeko baimena lortu zutenean, irregulartasunak atzeman zituzten. Informazio guztia txukun idatzita zegoen, baina 1963. urteko atalean martxoa eta apirila besterik ez ziren agertzen, eta bi hilabete horietan hamaika haur hil zirela agertzen zen. Heldurik ez. «Guztiak jaio eta berehala hil zirela jartzen zuen, Josu berriz hiru egunetara zendu zela», zioten.

Liburu osoa ikuskatu zutenean ohartu ziren 1963ko beste hilabeteak solte zeudela, beste orri batzuen artean nahasiak. «Teknikariek esan ziguten gauzak garai hartan ez zirela gaur egun bezain zehatzak, baina onartu ziguten ezin dela deskartatu hala gertatu ez zenik».

Euren kasua Christiane Fando abokatuaren eskuetan daukate, eta Sos Bebes Robados elkartearekin harremanetan dauden arren, juridikoki Hego Euskal Herritik ez dute eskumenik ezer egiteko eta zentzu horretan «bakarrik» sentitzen dira. «Sare hau haraino [Estatu frantseseraino] zabaldu bazen -erantsi zuten-, familia gehiagok egon behar dutela uste dugu, ez gara bakarrak izango».

Oso gogorra dela diote, eta sentitzen dutena deskribatu ahal izatea ezinezkoa dela onartu arren, ahotsa altxatzea erabaki dute: «Hemen egon den oihartzuna probokatu nahi dugu, egon daitezkeen kasuak pizteko».

O.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo