GARA > Idatzia > Euskal Herria

Akamarreko gazteen egoitza ixtear dago, «ez duelako betetzen araua»

Ainize BUTRON | BAIONA

Bidaxune aldeko (Nafarroa Beherea) Akamarreko egoitza, gazteentzako heziketa zentroa (CER), ateak behin betiko ixtekotan da. Delitu batengatik zigortuak izan diren edo bazterketa egoera pairatzen duten adin txikikoak hartzen dituzte bertan. Baina gazteak hartzeko eskumena ez berritzea erabaki du Gazteriaren Babes Judizialaren (PJJ) zuzendaritzak, egoitzak ez dituelako arauak betetzen. PJJ egiturak du osoki diruz laguntzen zentroa, eta Baionan eta Hendaian diren mota bereko beste bi zentroetan bezala, Philae elkartea arduratzen da Akamarreko egoitzaren kudeaketaz.

Philaeko zuzendaritzak jakinarazi zuen legez ezarritako baldintzak betetzeko obrak egin ahal izateko 120.000 euro eskas zituztela. Hortaz, ateak ixteko lehen dekretu bat kaleratu zuen prefetak urtarrilaren 9an, eta datozen asteetan beste bat plazaratu beharko luke, behin betiko itxiera aginduz.

Bertan lanean ari ziren hamabi hezitzaileen haserrea piztu du horrek. «Koherentzia arazoak ikusi ditugu. Ohartu gara, esate baterako, zentroa irekia zenetik ez zaiola sekula gazteak jasotzeko eskumenik eman, guk hala uste bagenuen ere», adierazi du Guillaume Couturier langileak.

Horrez gain, azken lau urteotan, zentroak 1,2 milioi euroko aurrekontua izan duela jakin dute langileek, hau da, aurrekoetan baino 400.000 euro gehiago.

«Lau urte horietan gazteekin egiten genituen jarduerak bertan behera utzi behar izan ditugu, dirurik ez omen zegoela-eta», azaldu du Couturierek. Baina dirua bidegabeki erabilia izan den susmoa dute langileek, eta joan den ostiralean sindikatuek eskaturik, Philaeko enpresa batzordean bilduak zirela, elkartearen diru kontuen gaineko ikerketa egiteko eskatu zuten.

Kontuak argitzeko eskaera

«Alerta ekonomiko bat egiteko eskubidea bozkatu dugu, eta horri esker kontuak ikertuak izanen dira. Hala, dirua bidegabeki erabilia izan den jakinen dugu», argitu du Couturierek. Daniel Hegoburu lau urtez Philae elkarteko zuzendaria izan da, baina gai horri buruz hitz egiteko eskumena kendua izan zitzaiola jakinarazi du. Jerome Valere izendatu dute bitarteko zuzendari, eta zentroa Justizia Ministerioak, administrazio kontseiluak eta enpresa batzordeak kontrolatzen dutela adierazi du berak.

«Obrak egiteko dirua izan dela diote. Ez dut ikusten nolatan den hori posible, enpresa batzordeak kontrolatu baitu», gaineratu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo