GARA > Idatzia > Kultura

FIPA jaialdiak 25. edizioa itxiko du gaur, sei sail nagusien sariak banatuz

Gaur itxiko ditu ateak FIPAk, Biarritzeko ikus-entzunezkoen nazioarteko jaialdiak. Fikzioan, Gerard Mordillaten «Les cinq parties du monde» izan da Urrezko Fiparekin saritua, eta saioen atalean, «Kaboul Kitchen», Frederic Berthe, Jean-Patrick Benes eta Allan Mauduit-en lana.

GARA | BIARRITZ

FIPA Biarritzeko ikus-entzunezkoen jaialdiak atzo eman zuen ezagutzera 25. edizioko sarituen zerrenda. Jaialdiak gaur itxiko ditu ateak.

Sei atal nagusi jorratu ditu jaialdiak: Fikzioa, Saioak, Sorkuntza Dokumentalak, Erreportaje Handiak, Musika eta Ikuskizunak, eta Web Sorkuntza; bakoitzak bere epaimahaia duela -gehienak azken 25 urteetan jaialdian saritutako profesionalez osatuak-. Guztira, hogeita hiru sari potolo.

Fikzioaren atalak Nina Companeez izan du epaimahaiburu, eta Gerard Mordillat-en «Les cinq parties du monde» lanak jaso du sari nagusia, Urrezko Fipa. Zilarrezkoa berriz, Paloma Aguilera Valdebenitoren «Entre nosotros» lanak eskuratu du. Frederic Berthe, Jean-Patrick Benes eta Allan Mauduit-en «Kaboul Kitchen» lanak eskuratu du Saioen Urrezko Fipa, eta «Silvia Quer Sabate-ren «Operacion Jaque» lanak Zilarrezkoa.

Dokumentalei dagokienez, Ines de Medeirosek gidatu duen epaimahaiak Steve Thielemans belgikarraren «L´ile deserte» lanari eman dio Urrezko Fipa, eta Amelie Saillez-en «The kingdom of Mr. Edhi» lanari zilarrezkoa. Aipamen berezi bat ere banatu du epaimahaiak kasu honetan, Edouard Bergeon-en «Les fils de la terre» lanari eman diotena.

Erreportaje Handien Urrezko Fiparekin Naomi Levariren «B´nei Dodim La´Neshek» saritu dute, eta Zilarrezko Fiparekin Didier Cros zuzendariaren «Sous surveillance». Musika eta Ikuskizunak sailean Isaki Lacuesta katalanaren «El cuaderno de barro» filmak jaso du Urrezko Fipa -Donostiako Zinemaldian eman zuten lana-. Filma Afrikan grabatu zuen eta Miquel Barcelo Mallorcako artista du protagonista. Zilarrezko Fipa «1, 2, 3 Dance» Julien Ringdahl-en lanak lortu du.

Azkenik, Web Sorkuntzaren atalean -Antoine Viviani izan da epaimahaiburua-, Pascal Brouard-en «Code Barre» lanak erdietsi du Urrezko Fipa. Bestalde, Raspouteam-ek aipamen berezia lortu du «17.10.61» lanagatik.

Kontuan hartu behar da Fikzioen eta Saioen ataletan gizonezko eta emakumezko antzezle onenaren sariak ere banatzen dituztela; eta horrez gain, gidoirik eta musikarik onenek ere badute saria.

Gainera, beste sari batzuk ere banatzen ditu jaialdiak, Europako Erreportaje Handiei eskainitako saria, Randall Wood eta Michael O´Neill arduradun izan dituen «The Grammar of Happiness»-ek eskuratu duena; Ohorezko Eurofipa, aurten Marco Lamensch eta Jean Libonek jaso dutena, «Strip Tease» lanagatik; eta Prix Telerama 2012, Amelie Saillezi eman diotena, «The Kingdom of Mister Edhi» lanagatik. Horiez gain, Michel Mitrani Saria -jaialdiko lehen lehendakari izan zenaren omenez-, Lotte Stoops zuzendariak irabazi duena, «Grande Hotel» lanagatik.

Aurtengo jaialdian, pasa den urtarrilaren 23tik, kasik ehun saio aurkeztu dira lehiaketan, eta guztira laurehun bat saio, lehiaz kanpokoak kontuan hartuta. Bertan eman dute, esaterako, Mario Onandiaren bizitzari buruzko «El precio de la libertad», Ana Murugarrenen lana.

Mitrani

FIPA Europako telebista jaialdi nagusia da. Orain hogeita bost urte sortu zen Cannes-en (Estatu frantsesa), 1987an, Michel Mitrani lehendakari zuela. 1991n berriz, jaialdia Biarritzera aldatu zen -bertan daramatza 16 urte-; Mitrani hil baino lehentxeago. Geroztik beste lau lehendakari izan ditu -hiru emakume-; orain hiru urte kargua hartu zuen Olivier Millek da laugarrena.

Mitrani, zinema eta telebista zuzendari lanak egin zituena, izan zen jaialdiaren sortzaile -hasieran Pierre-Henri Deleau eta Jean Michel Ausseil izan zituen laguntzaile-, bi esparruak jorratzen zituenez, telebistak jaialdirik ez zuela-eta kexu baitzen. Egun, Michel Mitrani izena hartzen du FIPAk banatzen duen sari batek, haren omenez.

EPAIMAHAIAK

Sei atal nagusi izan ditu jaialdiak eta hogeita hiru sari potolo banatu ditu aurkeztutako lanen artean. Atal bakoitzak epaimahai bat izan du, eta bertako kideak inoiz FIPAn saritutako profesionalak izan dira.

SAIO BARRIAK

FIPAk laurehun saio inguru jaso ditu, hauetatik kasik ehun lehiaketara aurkeztuak. Batzuk telebistan estreinaldia izan aurretik emanak dira, eta modu horretan etorkizuneko joerak agertzen dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo