GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Txapelketa

Etxeberri eta Ozafrain ziren Senperen irabazteko faboritoak, eta biak izango dira final-laurdenak jokatzen

J.L.

Etxeberrik eta Ozafrainek eskuratu zuten atzo Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenak jokatzeko txartela, Laurent Lanbert eta Jannots mendean hartu ostean.

Lehen partida izan zen bietan orekatuena, eta bertan Etxeberrik 35 eta 40 irabazi zuen, eta final-laurdenetan Kurutxariren aurka jokatu beharko du larunbatean Donapaleun. Atzo lan handia egin behar izan zuen garaipena eskuratzeko, atzetik ere askotan izan baitzen.

Azkeneko hamar kintzetan erabaki zen norgehiagoka, ordura arte gorabehera ugari izan baitziren markagailuan, baina azken txanpan lasaiago aritu zen, eta horrek garaipena lortzeko balio izan zion lapurtarrari.

Partidak 61 minutu iraun zuen, eta saketik 13 tanto egin zituen Etxeberrik, lau gutxiago Lanbertek. Jokoan 23 tanto egin zituen irabazleak, bi gutxiago galtzaileak, eta galdu berriz, bost egin zituen Etxeberrik, bat gutxiago Laurentek. Markagailua honela joan zen: 0-1, 1-1, 6-2, 6-6, 7-7, 9-9, 16-9, 21-13, 24-16, 26-26, 26-32, 32-32, 33-33, 35-38, eta 35-40.

Bigarren partidan ez zen kolorerik egon, eta Ozafrainek 40 eta 24 irabazi zion Jannotsi. Bankako pilotari beteranoa jaun eta jabe izan zen, neurketa beti kontrolpean izan zuen, eta amaieran oso garaipen erosoa lortu zuen. Final-laurdenetan, Harizmendiren aurka jokatuko du datorren larunbatean, Donapaleuko trinketean.

Atzoko kanporaketak kontatzeko oso gutxi izan zuen, bi pilotarien artean alde handia, ikaragarria, egon baitzen. Norgehiagokak oren bat iraun zuen, eta saketik 12 kintze egin zituen Nafarroa Beherekoak, eta 7 Jannotsek. Jokoan, 24 eta 12 egin zituzten, eta galdu berriz, bost egin zituen irabazleak, eta bat gutxiago galtzaileak. Markagailua honela joan zen: 0-2, 2-2, 3-3, 4-4, 6-6, 10-6, 14-7, 20-12, 20-18, 30-18, 36-21 eta 40-24.

Gaur Armendaritzen jokatuko dira final-zortzirenetako azken bi norgehiagokak. Lehenengoan Alfaro Ximun Lanberten aurka neurtuko da, eta jarraian Olivier Larretxea eta Paxkal Ezkurra arituko dira nor baino nor.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo