GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Kirol eskalada Material lapurreta

Valdegovia, itxi ez den zaurian beste sabotaje bat

Arabako eskalada eskola horretako bi ekipatzaile eta eskalatzailek salatu dute hamabi bidek material lapurreta jasan dutela. Beraz, ohartarazi dute eskalatu aurretik ondo begiratzeko bide bakoitza.

p045_f01_199x128.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Valdegoviako eskalada eskolak zoritxarreko beste gertaera bat jasan du. Ez da lehena; ezta gutxiagorik ere. Mikel Maeso Piwi eta Juan Manuel Hernandez Kroma eskalatzaile eta ekipatzaileek gogor salatu dute negu honetan 12 bidetan izandako material lapurreta. Horren ondorioz, eskalatu aurretik bide bakoitza ondo baino hobeto begiratu behar dela ohartarazi dute.

Aipatu dugun bezala, aspaldikoak dira Arabako eskalada eskola horretan halako gertaera tamalgarriak. Eta azken sabotaje edo ekintza zuzenarekin argi asko geratu da oraindik ere zauriak ez direla itxi.

Gogora dezagun Valdegovia dela Euskal Herriko eskalada eskola bisitatuenetariko bat. Bai, batez ere udaran, horko paretek oso itzal egokia jasotzen baitute. Aurreratu behar da material lapurreta horiek duela zortzi bat urte hasi zirela. 2004. eta 2007. urteen artean hainbat sektoretan eskalatzeko debekua ezarri zuten. Eta, hain justu, garai haietan izan ziren lehen lapurretak. Betidanik giro gaiztoa egon da, eta goiko argazkian ikusten den legez, Gaubeako Batzarrak ez du begi onez ikusi eskalatzaileen jarduna. Adibide soil bat besterik ez da. 2007 eta 2008an, berriz, eskalatzeko debekua bertan behera geratu zenez, lapurtutako materiala berriro bere tokian jartzen jardun zuten hainbat ekipatzailek. Lerrootako salatzaileek adierazi dute udan horietan jarri zen materiala Arabako Mendizale Federazioaren eta bertako eskalatzaileen poltsikotik atera zela.

Hamabi bide

Egoera hori gainditu ondoren, bazirudien egoera bere onera itzuliko zela; izan ere, Arabako Federazioak, Arabako Aldundiak eta Gaubeako Batzarrak araudi bat adostu zuten. Horren arabera, bide batzuk desekipatu zituzten alboan zegoen aztarna arkeologikoa zela-eta.

Liskarrak konponduta zirudienean, pasa den neguan hamar bat bidetan beste lapurreta batzuk izan ziren. Lapurretak saihestu ahal izateko, marra horiek kimikoetan ekipatu zituzten; berriro ere, bertako eskalatzaileen «diru-iturrietatik». Horretaz gain, federazioaren laguntzarekin, bideetatik jaisteko dauden materialetan bi malloi mosketoiekin jarri ziren.

Baina, berriro diogun bezala, material hori guztia eta pare bat bidetan zeuden zintak «desagertu» egin dira. Eta lapurreta hori hilabete honetan bertan jazo da. Egoera horren aurrean, Piwik eta Kromak honako oharra helarazi nahi izan diote eskalatzaileen kolektiboari: «Honen guztiaren berri eman nahi dugu, batez ere istripuak saihes daitezen; bideak nola dauden begira itzazue. Eta bestetik, inork lapurreta hauen atzetik nortzuk dauden informazioa badu, helaraz diezaiola federazioari edo eskola horretako ekipatzaileei».

Hauxek dira lapurreta jaso duten hamabi bideak: «Tia ganga», «Pro de burton», «Penumbra», «Elo», «Yoli», «Tia Mildred», «Cracovia», «Calamidad», «Las ovejitas de Wyoming» eta izenik gabeko beste hiru marra.

beste bat

Hilabete honetan bertan, Valdegoviako eskalada eskolako hamabi bidetan material lapurreta izan da. Ez da lehen aldia gisa horretako gertaera tamalgarria jasan behar izan dutena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo