GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Ibaialdek aurrera egingo du, merezi duelako

Euskal Herri osoan bezala, Estellerriko Erriberan aspaldi ekin zioten euskara berreskuratzeko erronkari; baina, Euskal Herriko hainbat lekutan ez bezala, hutsetik abiatu behar izan zuten eta maiz zeregin horretan lagundu behar zietenek -instituzioek- jarritako eragozpenei aurre eginik. Euskal Herrian euskaldunek traba asko dituzte euskaraz bizitzeko, baina Nafarroako zenbait eskualdetan are zailagoa -eta garestiagoa- da euskaldun izaten edo seme-alabak izan daitezen ahalegintzea. Horregatik, besteak beste, igandean euskaldunek, euskaltzaleek, euskal herritarrek hitzordu saihetsezina dute Sartagudan, eskualdeko nafarren esfortzu handia aitortu eta beste askoren esfortzu txikiarekin sostengatzeko. Elkartasun eguna izango da, baina euskaldun guztien ondare nagusiaren aldeko ekimena ere bai, Iruñeko Gobernuaren jarrera onartezina gorabehera. Izan ere, esanguratsua izan da gobernu horretako lehendakariaren erreakzioa, Gipuzkoako Aldundiak Lodosako ikastolaren behar gorriari erantzuteko hartu duen erabaki txalogarria dela-eta. Barcinaren adierazpenak euskararekiko duen jarreraren erakusle dira, eta bide batez, argi uzten dute zer axola dioten nafarren arazoek.

Ibaialde ikastolak aurrera egingo du lan eskergaren ondorioz, oztopo ugari gaindituz eta euskal herritar gehienen sostenguarekin. Nafar familia horiek, eta euskarak, merezi dutelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo