GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Abadiño San Blasak

Milaka bizkaitar, zuriz jantzitako san blas azokan

Urtero legez, san blas azoka ospatu zen atzo Abadiñon. herria eta inguruko mendiak zuriz jantzita zeudela, milaka eta milaka bizkaitar hurbildu ziren Abadiñora, ohiko kordelak eta erroskillak erostera. ehunka abelburu ikusgai izateaz gain, nekazaritzako produktu ugari aurkitu zituzten erakustokietan. baita artisautza lan dotoreak ere.

p018_f01_200x101.jpg

Jon ADAN

Herriko kaleak elurrez beteta eta inguruko mendiak zuriz jantzita zeuden. Hartara, hotza lagun zutela, milaka eta milaka lagun bildu ziren Abadiñon San Blas azokaz gozatzera. Atzo, 250 abelburu baino gehiago izan ziren probalekuan, eta horietatik 100 salgai ziren: ahuntzak, zaldi, behor zein astoak eta hainbat arrazatako behiak.

Loiuko Iñigo Aurrekoetxeak bazuen zer saldu. «Hiru eta sei urte arteko idiak ditut, bakoitza 3.000 euroan salgai. Aurten lehen aldiz etorri naiz azokara, ea zorte ona dudan eta baten bat saltzen dudan», agertu zuen itxaropentsu.

Jose Rementeria abadiñarrak lau asto zituen salgai. «Asto bakoitzak 400 euro inguru balio du. Antzina asko saltzen ziren; gaur egun, aldiz, jendea ikustera soilik hurbiltzen da», adierazi zion GARAri. Bestalde, 166 behi-azienda zeuden ikusgai, horietatik 54 buru herriko sei abeltzainenak, piriniar, limusin eta txaroles arrazetakoak.

Ganadua alde batera utzita, nekazaritza azokan 72 erakusketari izan ziren Trinkete aldean, eta, besteak beste, produktu hauek izan zituzten salgai: barazkiak, fruituak, ogia, euskal opila, gazta, eztia, patea, esnekiak, txakolina eta sagardoa.

«Ahate gibela, izterrak, patea, denetarik saltzen dugu. Zehazki, pate kutxa bakoitza sei euroan. Eguraldiari dagokionez, nahiz eta hotz egin, ez du elurrik ari; beraz, salmentak onak izatea espero dugu», kontatu zuen Landetatik (Estatu frantsesa) etorritako saltzaile honek.

«Mota orotako opilak saltzen ditugu; euskal opila, arroz opila edota etxean egindako ardi gazta, txokolatea...», azaldu zigun Goiruitik, Arabatik, etorritako Segundo Meabek. 2007., 2008. eta 2009. urteetan Euskadiko Txapelketan garaile atera zen bere euskal opila; atzo, hamar euroan saldu zuen bakoitza.

«Denetarik erosi dut, gazta, irasagarra, fruta... asko gustatzen zait azokara etortzea. Gogoratzen dut txikitan aitarekin eta amarekin etortzen nintzela Abadiñora», esan zigun Flora Agirre durangarrak.

Azokan izandako 22 eskulangileak, berriz, Txanporta kultur etxearen ondoan jarri ziren. Hantxe aurkitu genuen Jakes Saldubehere Angeluko saltzailea, Iparraldeko pilota joko desberdinetako erremintak saltzen. «Xarea, pasaka, `joko garbi' modalitatea; badira hainbat erreminta Hegoaldean ezagunak ez direnak», azaldu zion GARAri.

Bestalde, Tornosolo kalean landare mota ugari zen salgai. Juan Carlos Esain Tafallatik etorriak ezkai eta ereinotz landare usaintsuak eta fruta-arbolak saltzen ditu. «Nahiz eta hotz egin, horrelako azoka garrantzitsuetan giro ona izaten da beti; hori salmentetan islatzea ere espero dut».

Horrez gain, nekazaritzako makineriako saltokiak ere baziren. «Horiek erosteko, jendeak normalean lehenengo hemen begiratu egiten du, eta gero tailerrean saltzen ditugu», esan zigun Jon Arriagak. Bisitarien artean aurkitu dugu Lucien lapurtarra, bildutako jende kopuruagatik apur bat harrituta; «Senperetik nator eta azokako giroa ikustera etorri naiz lehendabiziko aldiz; hotz honekin Iparraldeko azoka batean jende gutxiago egongo litzateke». Azkenik, San Blas azoka izanik, ferialeku inguruan ohiko kordel eta erroskilla saltzaile asko ikus zitezkeen: «Kordelak 35 zentimotan saltzen dituzte, oso ohikoa da sanblasetan horiek erostea». Horrelaxe esan zigun Santo Otegi oiartzuarrak. «Familia guztiarentzako kordelak erosi ditugu; laugarren urtez jarraian jubilatuen autobusean etorri gara Abadiñora», azaldu zuen.

Sari banaketa

Aurtengo azokan ere bi erakusketa postu onenentzat sariak banatu zituzten Abadiñon. Alde batetik, Urdulizko Adela Andikoetxea ezagunak 300 euroko saria eta garaikurra jaso zituen barazki postu onena izateagatik. Bestetik, fruta posturik onena izateagatik. Gatikako Jose Etxebarriak jaso zuen bestea. Epaileek produktuen kalitatea eta postuen itxura hartu zituzten aintzat erabakia hartzeko orduan.

Bestalde, ganaduari dagokionez, lau sari banatu zituzten. Lehena, behi sail honenarentzako saria, Abadiñoko Jazinto Iturriagaetxebarriak jaso zuen. Bigarren saria, azokako behi onenari eman zioten, Maria Teresa Monasterioren «Tenka» izenekoari. Bestalde, herriko bigantxa onenaren saria ere Maria Teresa Monasteriok jaso zuen, «Birmingham» behiari esker. Azkenik, azokako zekor onenarentzako saria Aitor Bilbaok eraman zuen, «Rheno» izeneko zekorrarekin.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo