GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

berria, Xabier Etxaniz Rojo 2012/2/2

Horrela ez, Garitano

Oraingoan bat nator Yolanda Barcinarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak Lodosako ikastolari 24.000 euro ematea esku-hartze onartezina da eta kito. (...). Beraien Boletus-ak, Lactarius deliciosus-ak, eta gure elkarte gastronomikoetako lapikoak alaitzeko gai diren perretxiko mota guztiak lapurtzearekin nahikoa ez, eta orain Nafarroako Gobernuari soilik dagozkion eskuduntzak ere lapurtu nahi dizkiegu.

Lotsagarri geratu gara, baiki. Lotsagarri Bildu eta lotsagarri gipuzkoar guztiok. Baten batek esango du zortzi hilabete eskas daramatzatela agintzen eta oraindik ez dakitela nola funtzionatzen duen txiringoak. Arazoa, ordea, beste bat da. Arazoa da harrotuta daudela, hain puztuta non harrokeriak ez baitie laguntza eskatzen uzten. Laguntza eskatu izan balute, Nafarroako Gobernuari berari aholku eskatu izan baliote, jakingo zuketen gauzak ez direla horrela egiten. Dirua eman nahi baduzu, klase apur bat, mesedez! Nazioarteko Garapenerako Lankidetzarako diru-laguntza gisara aurkeztu, eta kito! Laguntza humanitario gisara eman -Nafarroak Haitin, Txilen edota Indian egiten duen bezala- eta inork ez dizu ezer leporatuko.

Ados, egia da Nafarroako Gobernuak ezin diela katastrofe humanitariorik agindu Bildukoei, baina linguistikoarekin gogo biziz ari dira saiatzen, eta, denbora emanez gero, erabateko suntsipen eder bat lortuko dute.

Pazientzia apur bat, Garitano, pazientzia...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo