GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Maitasunaz mezuak

Gaiak ez du merezi akaso lerro bakar bat idaztea ere, baina azken egunetan seguru asko nik bezala beste konturik aditu ez duzuen sentsazioa izango duzue askok. Arrosak, bonboiak, bidaiak, kandelen argipeko afariak, azpiko arropa bereziak... Jakin badakit saltzea dela batean eta bestean azken egunetan ikusten ditudan iragarkien azken helburua; baina nahigabean edo, maitasunaren inguruko iritzi eta ideiez hausnartzera behartzen gaituzte mezuok. Aipatu iragarkien arabera, gaurko egunez oparirik jasotzen ez dutenek maitasuna zer den usaindu ere ez dute egin eta, kontxo, nik behintzat ez dut inoiz izan ezer jasoko dudan itxaropen eta beldurrik.

Ondo osatu eta pentsatua dagoen kanpaina izaki, San Balentin egunaren harira, azken egunetan maitasun kantu melengak baino ez ditut entzun irratian. Ez dute ezer berririk esaten, ia nahigabean entzun eta barneratzen ditugun doinu eta hitzek etsigarriak diren mezuak botatzen jarraitzen dute, lehen bezala orain. Maitasunaren izenean gainditu eta jasan behar diren etsipen eta tristurez mintzo dira asko eta asko; inor maitatzeak eta inork maite gaituela sentitzeak eragiten digun sentimenduaz baino, hura ez izateak eragindako tristuraz jira eta buelta.

Eta ez da kasualitatea kasurik gehienetan doinurik etsigarrienak emakume ahots eta ahoan entzuten ditugu. Mutilek sentitzen dutena ez da modu berean irudikatzen; haiei, kantuetan behinik behin, ez zaie modu berean maitatzen eta esaten irakasten. Bien bitartean, abeslarien ahotan entzundako hitzak errepikatzen entzuten ditut lehen maitasun istorioak oraindik ere apenas bizi izan dituzten neska gazteak kalean, doktrina bailitzan, bikote maitasunik ia ez, eta maitasun ezak eragindako tristurez.

Ezin arrazoia erabilita maitasuna zer den goitik behera azaldu. Sentitzen ikasi egiten dugun arren, ezin da sentitzen dugun gauza oro azaldu, ez dut hala pentsatu nahi behintzat. Norberak jakin behar du neurria hartzen, jakin beretzat maitasuna zer den, zer eskatu eta ematen dion maite duenari. Baina, eta batez ere egun santu honi helduta, maitasuna bera zer den jakitea baino garrantzitsuagoa da, agian, jakitea zer ez den maitasuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo