GARA > Idatzia > Kultura

Gerra ondoko hirutasuna

Joxean Agirre Kazetaria eta idazlea

Manuel Lasarte izan da Basarri eta Uztapiderekin batean gerra ondoko bertsolaritzaren hirutasuna osatu zuen bertsolaria, eta hirutasunaren misterioak Erdi Aroan adina eztabaida sortu zuen, garai batean, hiruretatik onena zein zen erabakitzeak. Diogun hirurak zirela onenak, bakoitza berean. Lasarte beharbada txukundadean zen nabarmena, bertsoaren forma lantzeko moduan, bere errima estuan, bere neurri zehatzean... Horretan eta beste gauza askotan ez dirudi jarraitzaile askorik utzi duenik. Lasarteren bizitzak eta ibilbideak aspaldiko gauzen lanbroa eta distira ditu aldi berean. Leitzan, mendiko baserri batean jaio zen zortzi senideko familia batean. Ama zuten bertsozalea eta hark sehaskari eraginez kantatzen zituen bertsoak entzunda egingo zen bertsozale. Gaztetxoa zelarik, zortzi edo bederatzi urterekin deskubritu zituen Manuelek taberna giroko lehen bertsolariak. Jaiotetxe ondotik, Franki baserri ingurutik, pasatzen zen garai hartan Andoaindik Iruñera zihoan trena eta trenbideko langileak baserri inguruan zegoen kantina batean bildu ohi ziren iluntzean. Manuel gaztetxoa han egoten omen zen adi-adi haiek kantatzen zituzten bertsoekin liluraturik.

Hamabi urte zituenean, aldatu zen Frankiko familia Aiara. Ordurako arreba etxera ezkondua zuten eta koinatuak Aian egiten zuen lan, errementari. Manuelek ere laguntzen omen zion egiteko horretan. Astelehen goizean goiz samar jaiki eta bizikletan etortzen ziren Leitzatik Aiaraino, mutikoa koadroaren gainean jarrita eta aste osoa ematen zuten herri horretan eta hor ezagutu zituen Basarri eta Uztapide, gerora bere adiskide handi izango zirenak. Nola ezagutu zituen? Kontatzen zuen eszena film batekoa izan daiteke. Herriko plazaren erdian bi kupela jarri omen zituzten Aiako festetan eta bakoitzaren gainean aulki bana. Eskailera batekin igo ziren hara, hasi ziren kantuan. Bi bertsolarien janzkeraz ere gogoratzen zen Lasarte: Basarrik trajea zeraman, nahiz eta oinetako gisa alpargatak erabili eta Uztapidek galtza urdinak, jertse beltzarekin. Goizeko saioa egin eta herriko tabernak bisitatu ondoren Kanuaneko jangelan bazkaldu zuten. Bazkaritarako denbora hori bakarrik galdu zuen Manuelek. Lasterka joan zen etxera eta presaka bazkaldu ondoren itzuli zen berriro jatetxera eta leihoan jarri zen barruko bertsoak entzuteko prest. Sekula ez zuen pentsatuko bi bertsolari horiekin herriz herri ibiliko zenik.

Urreneko gauzek duten distirarekin gogoratu ohi zituen haurtzaroko kontuak. Familiak Aiara aldatzea erabaki zuenean, esate baterako, behiak eta ardiak saldu beharrean aurkitu ziren. Bazuten, ordea, zaldi txiki bat Manuelek asko maite zuena. Aitari ez saltzeko erregutu zion eta haren gainean etorri zen Aiara, dagoeneko ondo ezagutzen baitzuen bidean, koinatuak bizikletaren koadroan eserita ekartzen zuelako. Artean gaztetxoa zela hasi zen basoan lanean, Zumarragan egon zen morroi. Han ikasi zuen ganaduak ferratzen. Eibarko ferratokian hasi zen ondoren lanean. Hamasei bat urte izango zituen eta orduan hasi zen erromerietan lagunartean edo Santa eskean. Hamazazpi urterekin egin zuen debuta Zaldibarren eta handik denbora gutxira San Bartolome gau batean kantatu zuen Basarri eta Uztapiderekin Amezketan. Geroztik hogeita hamar urtez ibili zen herriz herri Lasarte bi bertsolari horiekin, beste askorekin ibili bazen ere, Xalbadorrekin eta Mattinekin, esate baterako. Baina gure belaunaldikook ez genuen Lasarte hori ezagutu, gaixorik eta umorez urri samar zebilen gizon bat baizik. Perfekzio zalea zen formari dagokionean, estua zen neurrian eta erriman eta baita beharbada bizitzari buruzko bere ikuspegian ere. Eta bazuen orain urte batzuk arte presentzia eszeniko ikusgarri bat ere, dramatiko samarra, garaiko argazkietan ikus daitekeena.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo