GARA > Idatzia > Kultura

«Phocus. Bilduma baten argazkia», hilezkortutako historiaren zatiak

Argazkilaritza existitzen denez geroztik, munduan jazotzen diren gertakari garrantzitsu edota aldaketak betiko gordetzeko aukera du gizakiak. Oroimena ahula dela jakina da, eta gauza asko ahaztu egiten dira denboraren poderioz. «Phocus. Bilduma baten argazkia» erakusketak jarduera horren hastapenak, bilakaera eta hainbat une gogoangarri ekarri ditu Donostiako Kursaalera eta maiatzaren 13ra arte izango da ikusgai Kubo aretoan.

p051_f03_97x115.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

«PHOCUS. Bilduma baten argazkia» erakusketak argazkigintzaren historian zehar bidaia egiteko aukera eskaintzen du Donostiako Kubo aretoan. Lau pareten artean urteetan atzera eta aurrera egiteko aukera izango du ikusleak, lehenengo argazki-makinekin hasi eta gaur egungo erretratuetara iritsi arte.

Guztira 160 egileren 315 argazki bildu dira hamar ataletan banatuta: kamera iluna, lehenengo prozesuak, argazkilaritza antropologikoa, erretratua, paisaia, arkitektura, biluzia, natura hila, argazki-kontakizuna eta fotomekanika, alegia. Gainera, bildutako argazkilarien artean Robert Doisneu, Robert Capa, Julia Margaret Cameron, Alberto Schommer eta Joan Fontcubertaren lanak ikus daitezke.

Lehen atalean, argazkigintzaren hasieraz egiten da hausnarketa. Bertan lehen argazki-tresnen ereduak biltzen dira, eta 1800. eta 1900. urteko bi kamera topa daitezke. Gainera, XIX. mendeko argazki-estudio bat berreraiki da garai hartan nola lan egiten zuten hobeki ulertzeko.

Sail horretan, Ilan Wolff-en Kursaalen argazki bitxi bat ikus daiteke. Izan ere, erakusketaren komisario Juantxo Egañak azaldu zuenez, argazkilariak furgoneta erabiltzen zuen kamera erraldoi gisa. XIX. mendearen amaiera aldera, egile ezezagun batek Pasaian balea bati ateratako argazkia edota Kroner zirkuko hainbat elefantek Kontxako hondartzan hartzen zituzten bainuak dira beste irudi gogoangarri batzuk.

Antzinako argazkien artean gizarte kontuek ere garrantzi handia izan dute. Horien artean Afrikako gerrara joandako gipuzkoarren irudi bat edota mikeleteenak ikus daitezke.

Hala, argazkilari asko ezagunak izanik, erretratuetako protagonistak ere hala dira. Hori dela eta, famatuen pasillo antzeko bat antolatu dute eta hor barrena joanez gero, Txirrita, Charles Chaplin Txofren izan zenekoa, Kirk Douglas Union Artesana elkartean sukaldari ibili zenekoa, Orson Wells eta Liz Taylor Zinemaldian egon zireneko irudiak ikus daitezke. Horiez gain, Charles Baudelaire, Victor Hugo, Sarah Bernhardt eta Sarriegi musikaria ere topa daitezke.

Hirien birmoldaketa

Denboraren poderioz hiriak aldatuz joaten dira eta, askotan, eraikin berri baten aurretik zegoena ahaztu egiten da denbora gutxian. Oroitzapen horiek gaurkotzeko arkitekturari buruzko alorra bildu du «Phocus» erakusketak.

Sail honetan Enrico Lint Van-ek 1873an Pisako dorreari ateratako irudi bat dago, bai eta gaur egungo Kursaal auditoriumaren aurretik zegoen eraikinaren eraiste lanen argazkia ere. 1813an Donostia erre ondoren harresiak eraitsi zireneko unea ere betiko gordeko duen irudia ikusterik ere bada.

Bestetik, paisaiak ohiko aukera izaten dira profesionalen eta amateurren artean. Horren adibidea Iñurrategi anaiek Himalaya mendian ateratako argazkia da. Horrez gain, Francis Firth, Juan Luis Goenaga margolaria edota Imanol Marrodan egileen irudiak ikusteko aukera ere ematen du erakusketak.

Azken atala argazkigintzaren munduan lan anonimo gehien biltzen dituena da, biluziarena alegia. Izan ere, urte askoan pornografiarekin lotu izan denez, askok ez dute sinadurarik. Ohikoa denez, argazki gehienetan emakumeak ageri dira, horien artean, Violette Noziere prostitutaren erretratua topa daiteke. Nozierek kaleko lana utzi behar izan zuen sifilia harrapatu ostean eta aldizkarientzako posatzen hasi zen. Hori baino garaikideagoak ere topa daitezke, abstratua urratzen dutenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo