GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Kattalin Miner Medeak taldeko kidea

Euskal Herri morea, hamar urtez

Orduan, nire beharrak eta nireak sentitzen nituen borrokak lehen mailan jartzen zituen borroka feminista aurkitu nuenean, izugarri lasaitu nintzen

Hamasei urte izango nituen Bilgune Feminista lehen aldiz entzun nuen hartan. «Euskal Herriko» bat zeramaten BF horren aurretik, eta nolabait, gure herriko sei neskez osatutako talde feministarekin alderatuta, onartu behar dut inbidia apur bat sentitu nuela. Horren zaharra ez naizenez, baina gero eta gutxiagotan esan dezakedanez gazte naizela, denbora pasa da Bilgune Feministarekin izandako lehen kontaktutik eta lehen inpresiotik.

Kontatu nahi dizuet, askori bezala feminismoa ezagutu nuen unean bertan, eta horrek esan nahi du militantzia feminista ezagutu nuen unean bertan lasaitu handia hartu nuela. Arrazoi sinpleak dira: feminismoa beti dela opari izugarri askatzaile bat (zein gogorra, errealitatearen ikuspuntu latza erakusten baitizu) eta behingoz nire borroka topatu nuela.

Garai horietan haserre nenbilen abertzaletasunarekin, bueno esan dezagun lasai, ezker abertzalearekin eta oro har edozein ezkerreko mugimendurekin. Orduan, nire beharrak eta nireak sentitzen nituen borrokak lehen mailan jartzen zituen borroka feminista aurkitu nuenean izugarri lasaitu nintzen. Ez da ezer berria esaten badugu (edo esaten badaramagu) ezkerrak beti ahaztu duela gure borroka, beti izan dela «zerbait garrantzitsuagoa» borrokatzeko, lehen mailakoa, urgentziazkoa eta hortaz feminismoa beti geratu izan dela bigarren (edo n-garren) mailara atzeratuta. Beraz bai, feminismoarekin hartu nuen lasaituaren ostean, haserreak jo eta popatik hartzera bidali nuen abertzaletasunarekin eta independentismoarekin zerikusirik zeukan edozer, eta hortaz, «Euskal Herria» zioen edozer. Orduan, onartu behar dut, «Euskal Herriko» zeraman Bilgune Feminista horrek inbidia apur bat eman bazidan ere, atzera botatzeko arrazoi are handiagoa zeramala niretzat.

Baina bueno, esan dut gaztea naizela baina ez hainbeste, eta Euskal Herriko Bilgune Feministak hamar urte beteko ditu (hamaika egiteko ari direla ospatuz) eta ni ez naiz hamasei urte nitueneko hura; suposatzen dut Bilgune Feminista nik hamasei urte nituenean bezalakoa izango ez den bezalaxe. Gauza da egun ez dudala inongo dudarik Leitzan martxoaren 2, 3 eta 4an ospatuko diren Emakume Abertzaleon IV. Topaketa Feministetara joango naizena. Eta hemen istorioaren amaiera.

Bilgune Feministakoak zuzenean ezagutu nituenean, «emakume abertzale» kategoria erabiltzen zuten (eta dute) behin eta berriz haien ahotan, eta horrek suposatzen zuen bazterkeria eta aldi berean identitatea azpimarratzen. Denbora pasa behar izan da, urte gozo batzuk elkarren inguruan biraka, nik egun, Euskal Herria, abertzale, independentista eta edozein barianteri nion alergia kentzeko. Eta honetara noa: hemen, eskerrak eman behar dizkiot Bilgune Feministari, kontatu nahi niekeelako beraiengatik «abertzale» hori ez dudala ulertzen ez bada kolore morez margotuta. Eta beraz, agian, sendatu nautela, zeren «abertzaleon» esan dezakedala ozenki, ni barne, aldatu baitzait kolorez eta zentzuz, behingoz gurea ere balitz bezala sentituz.

Eta jakin badakit ere Bilgune Feminista hori baino mila gauza gehiago dela, sekula ez diet meritua kenduko (ez ni birkonbertitzearena bakarrik), baizik eta borroka horretan hain gogor eta gogotsu mantentzearena. Beraz, hamaikagarren horretan ere topatuko gara, bitartean aupa zuek eta zorionak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo