GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Utopiaren utopia (eta III)

Arazo nagusia zera da, Jamesonen ustez: etorkizuna irudikatzeko orduan ezaguna zaigun horretatik abiatzen garela beti eta, ondorioz, utopiak distopia izaten bukatzen du. Zientzia-fikziozko literatura horren adibide ezin hobea dela argudiatzen du teorialariak. Zientzia-fikziozko lanetan, gure munduarekin inolako harremanik ez duten gizarte ereduak planteatzen dira, baina lanok ondo aztertuz gero, ohartuko ginateke, azken batean, gure sistematik oso ezberdina ez den sistema eraikitzen amaitzen dutela beti. Alegia, ordena ulertzeko modu jakin bat dugu, Ilustraziotik jaso duguna. Ildo horretan, Jamesonek zera esaten du, irudimen aldetik eskas gabiltzala, oso eskas egia esate aldera, utopia bera irudikatzea zerbait utopikoa bihurtzeraino. Zirkulu biziotsu horretatik nola atera, ordea? Jamesonek ez du erantzun argirik ematen. Harremanak lantzeko eta ulertzeko bestelako bideak jorratu behar ditugula uste du, baina oro har nahiko ezkorra da etorkizun hurbilari begira.

Badira, baina, Jamesonen jarrerarekin bat egiten ez duten hainbat teorialari, literatur eta arte mundukoak horietako asko. Horien ustez, arazo nagusia da nazio-estatuaren koordenatuen barruan pentsatzera ohituegi gaudela, kontuan izan gabe eredu hori Mendebaldeko kapitalismoaren eta kolonialismoaren produktua dela. Zentzu horretan, teorialari hauek proposatzen dutena da unean uneko eta tokian tokiko lankidetza harremanei gehiago erreparatu beharko geniekeela, anarkismoak hasieratik bultzatu duen jarrera bide batez esanda. Horrela jokatuz gero, ohartuko ginateke agian utopia ez dela uste dugun bezain utopikoa.