GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jalgi Hadi Garaipenera-k Saratik Lesakara mendi martxa eginen du apirilean

Apirilaren 6 eta 7an iraganen da mendi martxa. Atzo, ehun bat gazte elkartu ziren Saran, ekimenean parte hartzeko deia zabaltzeko. Askatasuna, burujabetza eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zituzten.

p013_f02.jpg

GARA | SARA

Ehun bat lagun elkartu ziren atzo Saran, Jalgi Hadi Garaipenera dinamikak datorren apirilaren 6an eta 7an eginen duen mendi martxa aurkezteko. Mendi Martxa 2012 ibilaldiak Sara abiapuntu eta Lesaka helmuga izanen dituela jakinarazi zuten.

Ekimenaren bozeramaileek, Aberri Egunaren bezperako egunetan eginen duten ibilaldi horren karietara, egin nahi duten aldarrikapenaren berri eman zuten bertan.

1512ko Nafarroaren konkista izan zuten aipagai; «Gure herria inbaditu eta zatikatu zutenetik 500 urte pasa dira», gogorarazi zuten, eta, horrekin «askatasuneranzko bidea, inposatutako kateak apurtzeko aukera, inoiz baino gertuago» dagoela azaldu zuten.

Horrenbestez, Saratik Lesakaraino eginen den martxan parte hartuz, Euskal Herriaren «askatasunaren alde» eta «etorkizuneko jendarte eredu berriaren alde» egitera deitu zituzten gazteak ekimenaren antolatzaileek. «Pauso bat aurrerapen txikia da. Baina gerlari guztion, borrokalari guztion milaka pausok bidea egiten dute. Pauso berri bat ematera goaz, milaka pauso berri ematera goaz».

Sara eta Lesaka artean, mugak hautsi nahi dituzte, beraz, Jalgi Hadi Garaipenera ekimeneko kideek, urratsez urrats «askatasuna irudikatzeko».

«Herri bat bazen, eta herri bat bada, mila ahotsez, mila proiektuz, mila pauso emanez askatuko dugun herria», aldarrikatu zuten ekimenean parte hartzera dei eginez.

Horrekin, etorkizuna «gardenago» ikusten dutela erakutsi nahi dutela jakinarazi zuten. «Herriz herri, gure arbasoek egindakoaz ikasiz, etorkizuna marraztu. Borroka latza izan zen ordukoa, eta gaur, borroka horren beste bataila bat emateko prest gaude, irabazteko bataila alegia», eman zuten aditzera.

Herri askea, Euskal Herri burujabea eta herriko jendarte eredua herritarrek erabakitzeko eskubidea izanen dira, besteak beste, datorren apirilaren 6 eta 7ko mendi martxan eginen dituzten aldarrikapenak.

Euskal Herri «gorria»

Horrekin batera, iragana gogoan izan eta etorkizuna marrazteko garaia dela azpimarratu zuten Jalgi Hadi Garaipenera ekimeneko kideek. Bostehun urteko borrokaren uzta hartu eta «Euskal Herri gorria» eraikitzeko deia egin zuten horrekin gazteek. «Estutzen gaituzten kateak apurtuz, bildu dezagun historia, batu dezagun gazteria, aktibatu dezagun herria, eraiki dezagun Euskal Herria», esan zuten aurkezpena amaitzeko.

Iruñera

Martxa Lesakan bukatu ondoren, apirilaren 8an, Iruñean, Independentistak Sareak deituriko Aberri Egunean parte hartzeko deia ere egin zuten atzo Jalgi Hadi Garaipenera dinamikako kideek

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo