GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Zilarrezko Txapelketa

Elgoibarren jakingo da zeintzuk izango diren finalean neurtuko diren bi bikoak

J.L.

Zilarrezko Mailan, gaur 18.30etik aurrera erabakiko dira Elgoibarren, Ikastolako pilotalekuan, maila honetako bi finalerdiak, eta datorren igandean Azpeitiko finalean izango diren aizkolari guztien izenak jakingo dira.

Alde batetik, Mugertza III.a eta Larrañaga Juan eta Juanillo Rodriguezen aurka neurtuko dira. Segoviarrek eman dituzte orain arteko ezusterik handienak, eta saiatuko dira gaur beste bat ematen eta finalerako sailkatzen. Mugertzak eta Larrañagak, oso biko sendoa osatzen dute. Askorentzat txapela lortzeko faborito nagusiak dira, eta biek, gainera, sasoi bikainean daudela erakutsi dute. Gaur ere lan handia egin beharko dute Segoviatik etorritako aizkolariak menderatu nahi baldin badituzte.

Beste finalerdian, arabarrak, Zubiaga eta Jauregi, Olano eta Saralegi nafarren aurka neurtuko dira. Kanporaketa oso orekatua aurreikusten da, bi bikoek oso lan ona egiten baitute. Nafarrak oso ongi aritu ziren aurreko kanporaketan, eta agian apur bat faborito gisa aterako dira, baina arabarrak indartsu datoz. Zubiaga ongi baldin badago, aldea agerian utzi beharko luke.

Gaurkoarekin dena erabakita geratuko da, joan den astetik jakinak baitira beste bi finaletan arituko diren finalisten izenak. Urrezkoan, Arrospide eta Mugertza II.a Unai Otañoren eta Joseba Otaegiren aurka neurtuko dira. Gazteen mailan, berriz, Eneko Saralegik eta Larrea III.ak Eneko Otañoren eta Etxeberria II.aren aurka neurtu beharko dituzte indarrak.