GARA > Idatzia > Kultura

«Zerotik hasi gara eta jauzi egin dugu urik zegoen ala ez jakin gabe»

p040_f01.jpg

Dejabu Konpainia

Donostia Antzerki Sariaren irabazlea

Ezustean eta pozez, sekulako pozez jaso du Dejabu konpainiak Donostia Antzerki Saria, «Gure bide galduak» utopia, amets eta desenkantuari buruzko ikuskizunarengatik; bereziki zerotik hasitako lana izan delako, «talde bidaia zoragarria eta esperientzia itzela pertsonalki zein profesionalki».

Maider IANTZI | DONOSTIA

Neska gazte batek Nafarroako herri txiki batetik Donostiara egiten duen bidaia kontatzen du «Gure bide galduak» errealismo magikoz zipriztindutako ikuskizunak. Neska hori baserrikoa da, baina irakasle ikasketak egin nahi dituenez, hirira joan behar du. Garai berezia da bidaiarako, Franco hil ondoko urteetan joanen da osaba baten etxera, Errenteriara bizitzera, eta han, ezustean, sekulako mugimendua topatuko du: ideologikoa, euskararen aldekoa, politikoa... Euskal Herria borborka dago eta Errenteria zer erranik ez.

Horren guztiaren erdigunean kokatu dute neska gaztea eta bere bizipenekin idazten duen egunerokoarekin lotu, gertaerak; neskaren begietatik ikusiko du publikoak garai hori eta hainbat pertsonaia ezagutuko ditu bere bidez: euskararen aldeko mugimenduan lanean ari den jendea, asanbladetatik sindikatuetara pasatzen ari diren langileak... Musikari bat -Arantxa Vicedo- eta bost aktore dira -Urko Redondo, Miren Alkala, Maria Alonso, Iñigo Aranbarri eta Ainara Gurrutxaga-, baina bakoitzak pertsonaia bat baino gehiago antzezten du, pila bat daudelako. «Istorio sinple eta errealista da, modua da berezi egiten duena, nola islatzen ditugun kolektibo horien guztien munduak, nola adierazten ditugun beste modu batean, jolas bat bezala», laburbildu dute.

Jokoa ikusleekin partekatuz

Txotxongilo ikuskizun kutsua du, txotxongiloekin lan egin izan dutelako Dejabu konpainian; panpinarik ez da agertzen obra honetan, baina aktoreak pertsonaia nola jokatzen duen azaltzen dute, bien arteko joko hori jarri dute martxan. Egurrezko plataforma bat dago oholtzaren erdian eta haren gainean gertatzen da joko guztia. Inguruan aulki batzuk daude, eta objektu zaharrak. Plataformatik kanpoko espazioan, aldiz, aktoreak prestatzen ikusiko ditugu, pertsonaia bilakatzen, antzerkia jokoa baita Dejaburentzat eta ikusleekin partekatu nahi duelako joko hori.

Agertu dutenez, pertsonaiak arketipoak dira, baina hagitz errealak, egiazko emozioak sentitzen dituzte. Orduan, erraza da publikoa eurengana hurbiltzea eta identifikatzea. Era berean, istorioak anitz du tragediatik, garai haiek ez zirelako batere errazak izan, baina umoreak ere toki handia du, pertsonaien bizinahiari esker; «shakespearetarra da, tragikomedia bat».

Protagonista gazteak ilusio hori transmititzen du: «Mundu berri bat egin dezakegu denen artean». Garai hartako energia dauka obrak. Gertaera gogorrak ere agertzen dira eta horien aitzinean pertsonaiek nola erreakzionatzen duten, horregatik diote utopiari eta desenkantuari buruzko lan bat dela, bietatik egon baitzen.

Aktoreak gazteagoak dira, ez zituzten urte horiek bizi izan eta gurasoek kontatu dietenetik, irakurri dutenetik, etxean entzundakotik sortu dute lana. «Taldekide gehienok errenteriarrak gara, gurasoak ere elkarrekin ibilitakoak, eta oso presente eduki dugu garai hori gure bizitzan. 80ko hamarkadan ere jarraipena izan zuen mugimenduak, baita 90ekoan ere. Hori daukagu guk gure sustraietan eta oso benetakoa da lana, barru-barrutik ateratakoa. Sekulako aukera da guretzat ameslari guztiei omenaldi bat egiteko», adierazi dute sortzaileek. Gero, lana egin ondotik, ikusi dute ez daudela urrun 70eko hamarkadako istoriotik, gaur egungoa ere badelako bertze gizarte eredu bat lortzeko saiakera.

Talde gisa, sekulako esperientzia bizitzen ari dira, egin duten bezala lan egitea ezohikoa delako. «Zerotik hasi ginen, oraindik zer pertsonaia izango genituen ere jakin gabe. Normalean, antzerki konbentzionalagoan, testu bat hartzen da oinarri, zuzendari bat dago... Gu seiok, ordea, bost aktoreok eta musikariak, igerilekura jauzi egin genuen urik zegoen ala ez jakin gabe. Horregatik izan da esperientzia itzela, bidean, izenburuak dioen bezala, galdu ere egin zaitezkeelako eta galdu egin behar duzulako zerbait topatzeko. Galdu ginen. Ez genekien zer aterako zen». Nabarmendu dutenez, ehuneko ehuna eman dute, denek maila berean, eta horrek egiten du esperientzia sakona.

jolas bat bezala

«Istorio sinple eta errealista da, baina modua da berezi egiten duena, nola islatzen ditugun kolektibo horien guztien munduak, beste modu batera, jolas bat bezala»

Sormena bultzatzeko espazioen garrantzia

2011n Donostian eskainitako euskarazko bederatzi antzezlanetako bat da Dejabu Panpin Laborategiaren «Gure bide galduak». Urriaren 8an estreinatu zuten Lugaritzen eta ordutik hamabost bat emanaldi egin dituzte. «Hori da beste sari bat», diote sei taldekideek memoriatik berreskuratutako piezekin sortu duten gaurko ipuina izaten ari den harrerarekin kontent. Bertze hainbat hitzordu dituzte lotuta: Azkoitia, Iruñea, Basauri, Donostia, Bera... (www.dejabu.org-en dago agenda). Ahoz ahoko informazioarekin soilik erakarri dute jendea, eta Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, martxoaren 27an, jasoko duten Donostia Antzerki Sariaren bultzadarekin, segur aski gehiago zabalduko dute Benito Lertxundiren kantu baten izenburua daraman ikuskizuna. 8.000 euro eta Keixetaren margolan bat jaso dituzte, eta bertze 2.000 hartzeko euskarazko antzerki lan berri bat eman beharko dute. Hori prestatzeko, bi aste egiten ahalko dituzte Luhusoko Harri Xurin gastu guztiak ordainduta. «Gure bide galduak» prestatzeko ere jaso dute Luhusokoen laguntza, baita Azala espazioarena eta Mikelazulorena ere. «Horiek gabe, agian, ez genuen lana martxan jarriko», azaldu dute sormena bultzatzeko ekimenok eskertuz. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo