GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Bartzelonako ikasleen protestak kriminalizatuz benetako arazoa estaltzen ahalegindu dira

Herenegun Bartzelonan mobilizazio handi batek hasiera eman zien ikasle protestek segida izan zuten atzo, ikasleek Bartzelonako Unibertsitate Autonomorako sarbideak blokeatuta eta mobilizazioari eutsita. Bartzelonako eta beste hainbat lekutako ikasleek murrizketen aurkako eta irakaskuntza publikoaren aldeko borrokari heldu diote, beren eta gizarte osoaren eskubideen defentsan. Halere, agintariek, katalanek zein espainiarrek, hala nola hedabide askok, mobilizazioetan izandako istilu bakanak nabarmendu dituzte -bide batez, esan beharra dago istilu horietako batzuen jatorria susmagarria dela-. Alegia, ikasleen protesten gaineko arreta istiluetara desbideratuz eta protestak kriminalizatuz benetako arazoa estali nahi dute. Istilu bakan horiek onartezinak direla diote, baina protestak eragin dituen inposaketa onartu beharrekoa, antza.

Gazteriak eskubideen aurkako horrelako eraso ikaragarriei men egingo balie, gizarteak ez luke etorkizunik izango. Beraz, txalotzekoa da Bartzelonan, Valentzian, Grezian zein Euskal Herrian ikasleak beren eta denen eskubideak aldarrikatzeko mobilizatzea, hartarako eskubidea dute eta gizarte hobe baterako bidean beharrezkoa da eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo