GARA > Idatzia > Kultura

Bidegurutzean dauden pertsonaiez idatzi du Garazi Kamiok lehenengo liburua

p049_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Garazi Kamio (Andoain, 1979) Igartza bekaren laguntzaz plazaratu den azkeneko idazle gazteak “Beste norbaiten zapatak” aurkeztu zuen atzo, zortzi ipuin gazi-gozoren bilduma. Istorio hauek hagitz desberdinak dira, baina bada hari bat denak lotzen dituena; betaurrekoen atzean kaleidoskopio bat duen egilearen begirada. Kaleidoskopio honi esker, gure ondoan dauden baina normalean erreparatzen ez diegun gauza bitxiak erakusten dizkigu, normalean literaturan agertzen ez direnak.

Duela bi urte Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkarrek antolatutako XIII. Igartza saria irabazi zuenean, bertze izenburu bat zuen buruan literaturaren plazara iritsi berri den kazetariak bere lehendabiziko libururako, “Gerizpeko panpinak”. Denborarekin aldatu egin du izenburua, ikuspegia zabaldu eta era anitzetako istorioak sortzen joan delako, baina hasierako ideiari, hau da, bidegurutze baten erdian egotean zer sentitzen den azaltzeko nahiari eutsiz.

Maite duen idazle baten, Castillo Suarezen, poema baten izena jarri dio azkenean lanari. «Ez dakit beste norbaiten zapatak jantzi dituzun noizbait. Maitale desleial batenak, esate baterako, harengana hurbilduko zintuztelakoan», dio poema honek. Kamioren esanetan, primeran laburbiltzen du liburuaren tesia.

Lankide baten amaren hilbeilak egonezina sortzen dion autopistako radarren begiralearen zapatak jantzi ditu, edo alzheimerrak jotako senarrarekin batera lurrera erori eta aldaka puskatuta korridorearen erdian ezin altxatu gelditu den adineko emakumearenetan, egunerokoak eta bitxiak diren egoerak eta pertsonaiak azaltzeko, batzuetan sinpatia eta bertzetan antipatia eragiteko irakurleari, baina beti erreakzio bat. Finean, norbere zapatak erantzi eta bertzeenak janztean zer ikusten den agertzeko.

Igartza sarirako deia

Orain arte ETBko “Sautrela” literatur saioko langile izan den Garazi Kamiori Igartza bekak ireki dio bere lehendabiziko liburua plazaratzeko atea, eta orain ate horri zabalik eutsi nahiko lioke kazetariak. Berari bezala, idazle gazte gehiagori ere aukera ematen segitu nahi dute Elkar argitaletxeak, CAFek eta Beasaingo Udalak, egoera onena izan ez arren, euskarazko literatura sustatzen. Eta horretarako dagoeneko zabaldu duten XV. Igartza bekan parte hartzera deitu zuten jendea. 35 urtez azpiko idazle berriek aurkeztu ahal izanen dituzte liburua idazteko proiektuak heldu den ekainaren 30a arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo