GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

ORRO ZURI-GORRIAK

Trapuagatik, eta Zamorak zoriontsu egin gintuelako

 

Edorta JIMENEZ Idazlea

Apirilaren 26a, 1981ekoa. Domeka. Gernika bonbardatuaren urteurrena. Mundakako kontzejupean bozgorailuak ipini dituzte, El Salvador herriarekin elkartasun ekitaldia antolatu dute-eta. Ez dira horiek inguruan diren bozgorailu bakarrak. Gijonen jokatu behar duen partidan, Ligako azkenean, Realak eskueran dauka txapela janztea. Puntu bakarra behar du. Gu, lagunarte ederrean, Asturiesera adiago. Reala Ligako txapeldun. Harrapa egik hori! Aurreko denboraldian Madrili emateko ostu zioten eta, posible ote da aurten?

Partida ondo hasi da. Zazpigarren minutuan Kortabarriaren gola. Penaltiz. Gero, ai ene, asturiarren gol bi, eta partida halaxe iristen da azken minutura. 2 eta 1 galtzen Reala. Ezin da! beste amets bat zapuzturik. Gure kontzientzietan ondo sarturik dugun horixe datorkigu, ezintasunaren zama, arrats ederra hondatzera. Txikiak ezin dio handiagoari gehiago egin, ala? Ezta futbolean ere? Eta hara, ia azken segundoan, gola. Zamorak. Horrez gerokoak ez dira hemen kontatzekoak.

Real hura ikurrinaren aldeko denok ginelakoan nago. Begietan baikeneukan argazki hura, Atotxakoa. Kortabarria eta Iribar elkarrekin zelairatzen, ikurrinarekin. Gero talde biak hantxe, lerro-lerro, artean legez kanpokoa zen trapua gure trapua zela aldarrikatuz. Handik laburrera legeztatu beharra izan zuten. Gure trapua, bai. Urtea, 1976a; eguna, abenduaren 5a. Urtebete zen Franco hila zela, eta urte eta erdi nik Realaren himnoa ikasi nuela. Soldadutzan, Bergarako Manuk irakatsita.

Bada, norbaitek ondo apuntatu zuen ikurrinarena eta hura guztia. Gero etorri zen Urre Aroan gertatu zena ere apuntatuko zuen bezala. Egunen batean gaitza errotik erauzteko. Zein gaitz eta, guk askok gure naziotasunaren ikurra gure taldeen arteko adiskidetasunaren ispiluan antzematea. Ispilua hautsi beharra zegoen.

Realaren garaipenekin lehenik eta Athleticen beste horrenbestekoekin gero, gure futbolaren Urre Aroa bizi izan zen. Aro laburra, agi denez. Futbolean, Espainiako handi-mandiek gure taldetxoen nagusigoa onartu ezin zutelako. Gizartean, Espainiako handi-mandiek gure taldetxoen arteko giro onean mehatxua antzematen zutelako. Eta lanari ekin zion. Guzti-guztia ondo apuntatuta zeukan harexek bai. Realaren eta Athleticen zaleentzat, lubaki bana. Eta lubaki bietarako propaganda, esku bakar batek idatzia. Periodikoak bi, eta bakarra jabea.

Ez dut esango ispilua lubakietatik tiro eginez haustearena huts-hutsik hedabide bi horien lana izan denik. Izan dira probintziakerietan eta jarraitzaileen arteko batailetan euren egoa gailenarazteko bidea antzeman dutenak ere. Entrenatzaileak, presidenteak, jokalari ohiak, politikariak, enpresariak, denetarikoak. Reala Probintziako nahi izan dute -ez al duzue gogoan Badiola hura, «la Provincia» esaten?-, eta Bilboko huts-hutsik Athletic.

Nik neuk ikaragarri sufritu ditut mendeku-lan horren ondorioak. Gipuzkoako zenbait lekutan Athletici buruz aditu ditudanak adituz tristatu egin izan naiz, behin baino gehiagotan. Madarikatu nahi izan dut Reala, pikutara! Eta ezin. A ze poza gure ohiko tabernetan, Reala lehen mailara itzuli zen egunean!

Trapu bat atera genuen elkarrekin Atotxara eta huraxe zabaldu mundura. Trapu madarikatu harenak eta Zamorak zoriontsu egin gintuen arratsalde hartakoak nire bihotzean Realari leku egiten diote.

Gaur gurean jokatuko den partidara oinez joateko asmoa daukat. Ez dut trapurik eroango. Garai batean eskegi genituen ikurrinekin ase lotu nintzelakoan nago. Gure Urre Aroko lehena zen hura bezala legez kanpokoak ziren garaietakoekin. Gure koloreak kaleetan zelan nahasten diren ikusiz hurreratuko naiz, zelaian gero gureak nagusituko diren itxaropenaz. Eta hala ez bada ere, jaia ezerk zapuztuko ez didan esperantzaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo