GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Lan erreforma ezinbestekoa zela ziotenek langabeziak gora egingo duela aitortu dute

SEA Arabako enpresarien elkarteak atzo aurkeztu zuen enpresa-barometroaren arabera, Arabako enpresen %43k beren langile kopurua «berregokitu» beharko dituzte. Hau da, langabe gehiago izango dira. Beraz, Ekonomia ministro espainiarrak eta patronalak -lan erreformaren egileak eta berori txalotu dutenek, hain zuzen- argi dute langabeziak gora egingo duela. Hala ere, oraindik orain onartutako lan erreformaren helburu nagusia langabezia murriztea zela esan izan dute, hartarako ezinbesteko baliabidetzat aurkeztuta. Egia, ordea, bestelakoa da: langile guztien eskubideen aurkako aspaldiko erasorik handiena, lan erreforma, enpresarien interesen aldeko neurria da, langabezia tasa handia murriztu beharra aipatuz justifikatu nahi izan dutena. Atzo hainbat eragile sindikal eta sozialek jukutria hori salatu eta mobilizatzera deitu zuten lan erreformaren eta gobernuek indarrean jarri dituzten politiken aurka. Politika horien helburu bakarra enpresen etekinak direla salatu zuten, eta langileen eta herritar gehienen egoera gero eta kaskarragoa eragiten dutela. Barregarria gertatzen da testuinguru horretan enpresariei entzutea hilaren 29ko greba orokorra arduragabekeria dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo