GARA > Idatzia > Mundua

Al Kaedak 27 polizia irakiar hil ditu Hadizaren kontra eginiko erasoaldian

Militarrez jantzitako talde armatu batek Irakeko Poliziaren hainbat kontrol-postu eta etxebizitzari eraso zien Hadizan. Segurtasun indarreko 27 kide eta hiru erasotzaile hil ziren. Agintariek Al Kaedari leporatu zioten erasoa eta etxeratze-agindua ezarri zuten.

p020_f01_199x116.jpg

GARA | BAGDAD

Al Kaedak Irakeko Poliziari eraso egin zion atzo Hadizan, Anbar probintzian. 2005. eta 2007. urte artean Irakeko probintzia horrek jasan zuen bortizkeria handiena. Al Kaedaren kontrolpean egon zen ia lurralde osoa. Ameriketako Estatu Batuetako Armadak Iraken eginiko gerra krimen larrienetarikoaren lekuko ere izan zen Hadiza 2005ean. Militar estatubatuarrek 24 irakiar, horien artean adingabeak, hil zituzten.

Atzoko erasoaldian, militarrez jantzitako talde armatu batek Poliziaren kontrol-postuen eta zenbait etxebizitzaren aurka jo zuen. Hedabideekin hitz egiteko baimenik ez zuela-eta bere izena eman ez zuen polizia iturri batek azaldu zuenez, mendebaldean nahiz ekialdean kokatutako kontrol-postuei eraso zieten aldi berean.

«Segurtasun indarrek erabili ohi dituzten ibilgailuetan iritsi ziren. Hemen auto arruntetan zain zituztenekin elkartu ziren. 50etik gora izango ziren. Goizaldean, 2.00etatik 3.30era Hadizako kontrol-postuei, baita Barwana herrikoak ere, eraso zieten», adierazi zuen Owaid Khalaf teniente koronelak.

Anbarreko gobernadorearen bozeramaile Mohamed Fathi-k plazaratu zuenez, erasotzaileek atxilotze-agindu faltsuak zeramatzaten aldean. Poliziei telefono mugikorrak kendu ostean, hil zituzten. Horrez gain, bere etxean zegoen Mohammed al-Chauffer koronela bahitu zuten haren hiru bizkartzain hil ondoren. Militarraren gorpua Hadizako merkatuan agertu zen ordu batzuetara. Al-Chauffer larrialdi zerbitzuetako buru ohia zen. Khaled Mohammed Sayil kapitainaren etxearen aurka ere egin zuten. Hor ere hiru bizkartzain hil zituzten. Hilotza kale-zulo batean utzi zuten, begiak estalita eta buruan bala zauriak zituela.

«Al Kaeda da erantzulea. Berak sinatutako esku-orri batzuk aurkitu ditugu erasotzaileek utzitako auto batean», nabarmendu zuen Khalafek.

Fathiren iritziz, Liga Arabiarra martxoan Iraken egitekoa den gailurra zapuztea zen erasotzaileen helburua. Inbasioaz geroztik, lehen aldiz antolatuko du Irakek horrelako gailur bat.

ohiko erasoak

Polizien kontrako atentatuak ohikoak dira Iraken. Otsailaren 19an, Bagdadeko polizia eskolari eraso egin zion kamikaze batek. 15 lagun hil ziren. Ia astebete geroago, Al Kaedari leporatutako atentatu oldean 42 pertsona hil ziren, horien artean polizia ugari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo