GARA > Idatzia > Kultura

Basaki taldeak jarriko dio doinua Ibilaldiari, «Maiatzean meatzean» gonbita eginez

p051_f01_97x64.jpg

A. ARRUTI | BILBO

«Maiatzean, meatzean, etorriko al zara? Txikitxoa da bailara, baina sartuko gara». Horixe da aurten Trapagaranen ospatuko den Ibilaldiaren gonbita. Itxaropena ikastola da antolatzailea eta bertako ikaslea izan zen Ion Barrokalek egin ditu hitzak. Ondoren, Leioako Basaki taldeak jarri dio musika eta Jon Cortegosok egin du bideoa.

Jose Luis Andres, Ikastolako zuzendaria, pozik agertu zen kantua aukeratzeko izan den parte-hartzearekin. «Ibipuntuzero» leloa aukeratu ondotik, lehiaketa jarri zuten martxan. Guztira 25 talde eta 26 abesti aurkeztu dira eta horietatik bost jarri ziren sarean jendeak gustukoena aukera zezan. Basakik eta Barrokalek elkarlanean sortutako «Maiatzean meatzean» izan zen azkenean garaile, 5.800 botoen %38 eskuratuz. Natxo Velez Basakiko kideak azaldu zuen moduan, kantua ez da taldeak ohi duen metal estilokoa, pop-rock ukitua eman diote, «asimilatzen errazago» izan dadin.

Kantua eta bideoa bai, baina orain eguna zehaztea falta zaie. Juan Carlos Gomez Ibilaldia Elkarteko zuzendariak azaldu zuenez, maiatzaren 27an egitekotan ziren, baina Athleticen Kopako finala 25ean izaki, «guretzat kaltegarria» litzateke egun horretan egitea, eta, beraz, atzeratzea aztertzeko batzarra egingo dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo