GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Guzman Ruiz, Andoni Irigoien | Kutxabank-eko langileak

Neoliberalen errezeta zaharrak

Gaur egungo egoera ekonomikoaren aurrean ekonomialari eta politikari neoliberalek defendatzen dituzten ideiak hankaz gora jartzen dituzte artikulu honen egileek: enplegu osoa lortzeko soldatak murriztu behar direla, lan-merkatuan erabateko malgutasuna ezarri behar dela, langabeei diru-laguntzak kendu behar zaizkiela... Eta horien guztien kontra, bestelako neurriak aldarrikatzen dituzte: finantza-errenten abantailak amaitu, politika deflazionistak ordezkatu, enpresa handien neurriz kanpoko eragina moztu, lanaldia murriztuz enplegua bultzatu, besteak beste.

Lan-merkatuaren eta enplegu-sorreraren inguruan buru gainera erortzen ari zaizkigun ustezko ideia berriak XIX. mendekoak dira, nahiz eta azkenengo urteetan teoria ekonomiko sofistikatuen eta zientifikoen itxurarekin aurkeztu diren. PSOEren eta PPren eskutik politika neoliberalak berreskuratu dira, zaharra berriz mozorrotzeko amarruarekin iritzi publikoa engainatzeko asmoz. Tamalez, murrizketa zitalak lortzeko kapitalak aitzakia bezala erabili dituen kontzeptuak eta eskemak errotu egin dira gizartearen sektore askotan, ideologia hau axiomatzat hartuta. Langileen aurka hartu dituzten neurriek oinarri ustelak dituzte, eta logikarik gabeko argudio hauek aztertu nahi ditugu artikulu honetan. Aurreratu dezagun azterketa honen tresnak ez direla, oraingoan behintzat, batere iraultzaileak, keynestarrak baizik. Asmoa da doktrina neoliberalaren kontraesanak agertzea, merkatu kapitalista hazkunde ekonomikoaren bermerik handiena dela defendatzen duen honetan.

Gogora dezagun ekonomialari eta politikari neoliberalek beti defendatzen duten ideia: lanarena besteak bezalako merkatu bat besterik ez da eta lana erosi eta saldu egin daiteke, beste edozein salgai bezala. Neokontserbadoreen iritziz, enplegu osoa lortzeko soldatak murritzak izan behar dira, handiegiak badira enpresek ez dutelako kontratatuko. Lan-merkatuan malgutasunik handiena ere bultzatu behar omen da. Hori bai, eredu bereko politikariak langabeziarekin itxuraz arduratuta azaltzen badira ere, nabarmena da talde ekonomiko handi batzuek langabezia egon dadin daukaten interesa. Izan ere, langabe asko daudenean soldata txikiagoekin kontratatu daiteke, pertsona gehiago daudelako lan egiteko prest baina lortu ezinik eta, beraz, ixil-ixilik onartu ohi dituzte eskaintzen dizkieten lan baldintzak. Azken urteotan, paperik gabeko langile etorkinen ugaritzea erabili izan da merkeago kontratatu eta, horrela, etekinik handiena ateratzeko.

Beste argudio batekin ere nahastu dituzte bazterrak, hain zuzen ere, langileek nahiago dutela aisialdia lana baino. Diotenez, langabeentzako diru laguntzak baldin badaude nahiago izango dute laguntzei esker bizi arrazoizko (miseriazko) soldatak onartu baino. Enpresariek ez dute ikusi nahi lansari txiroen ondorioz enplegu eskaria atzerriratu egiten dela, hemen eskaintzen ez denaren bila. Langile gaituak balio gehiago daukan lekura alde egiten du, dependentzia teknologikoa eta ekonomikoa areagotuz. Neoliberalen esanetan, langabezia erraz murriztu edo desagerraraz daiteke, betiere sindikatuak eta langileak esanekoak badira eta soldata txikiekin lan egitea onartzen badute. Testuinguru honetan, lana aitzakia bikaina bihurtu da enpresaria jaun eta jabe bihurtzeko eta sindikatuei ez ikusiarena eginez langileen eskubideak deuseztatzeko. Alabaina, egoera ekonomikoa, egoera soziala eta produkzio-eredua dira enpleguaren sorrera erabakitzen dutenak, ez lansari eskasak ezta legeak ere.

Kontserbadoreak gutxieneko soldataren aurka daude. Diotenez, ez luke enplegurik sortuko, enpresa askok ezin izango luketelako gutxieneko honetatik gora kontratatu, nahiz eta nabarmena den bizirauteko ere ez duela ematen. Diru-gosearen ondorioa besterik ez da.

Pentsioak finantzatzeko kotizazioak handiak badira, horrek ere garestitu egiten omen du kontratazioa. Hitzarmenek lan-baldintza duinak jasotzen badituzte, neoliberalek esango digute kontrataziorako askatasuna mugatzen ari garela eta horrek langabezia ekarriko duela. Soldatak merkeak badira, aldiz, sortutako salgaiak merkeagoak izango omen dira, errazago salduko eta, beraz, langile gehiago kontratatu ahal izango dira. Ez dutena zehazten da nori salduko dizkioten, eros litzakeen jendeak gero eta eros-gaitasun urriagoa baldin badauka, soldatak jaistearen ondorioz.

Zer egin beharko luke gaur egungo pertsona gazte batek, gaur egungo soldatekin, alokairua edo hipoteka ordaintzeko, auto bat erosteko, BGAE batera ekarpenak egiteko -bere pentsioa, jasotzen baldin badu, oso urria izango delako-, jateko, osasun-aseguru bat edo «copago» delakoa ordaintzeko eta gutxieneko beste behar batzuk asetzeko? Irudimena ere ez zaigu horretara iristen.

Nahiz eta soldatak murritzenak izan, zergatik kontratatuko du enpresariak langile gehiago ez baldin badauka produktua nori saldu? Zentzuzkoagoa izango litzateke pentsatzea enplegua ondasun eta zerbitzuen eskariaren arabera handitzen dela, ez lansariak jaitsita. Ez dago frogatuta, ezta ere, soldatak jaisteak atzerrian produktuak saltzea errazten duenik eta ondorioz enplegua sortzen denik. Enplegu-maila ez dute erabakitzen kaleratzea merkatzeak, zabor-kontratu mota berriek, enpresak hitzarmenetatik askatzeko erraztasunak edo gaixorik dauden langileek baja hartu ez dezaten egindako presio-neurriek. Ekonomia kapitalistan, enplegu-portzentajea baldintza makroekonomikoen emaitza da, haien artean: finantzaziorako erraztasunak, interes-tasak, inbertsio maila, erosteko benetako gaitasuna edo kapitalaren kostua.

Benetako arazoak zeintzuk diren zehazteko, derrigorrezkoa da espainiar Estatuan zergak nork ordaintzen dituen aztertzea. Biltzen den gehiena lanaren errentatik dator eta, aldiz, bankak eta patronal handiak Suedian haien kideek ordaintzen dutenaren %20a bakarrik jartzen dute. «Segurtasun malgua» deritzona («kaleratze malgua», hobeto esanda), orain modan, aitzakia hutsa da, langileek ez baldin badaukate aukeran lanpostu eskaintza zabal bat; baina galdutakoaren kalitate bereko lanpostua erraz aurkitu ahal izateko, jakina, beharrezkoak dira formakuntza zerbitzuak eta langabezia-ordainketa onak.

Ekaitz zital hau nolabait baretzeko, gutxienez, finantza-errenten abantailak bukatu behar dira, enpresek lanpostuak sortzeko beharrezko diren baliabideak xurgatu dituztelako. Soldatak eta gastua murriztu nahi dituzten politika deflazionistak ordezkatu egin behar dira, enpresa txiki eta ertainei zuzendutako eskaria gutxitu egin dutelako. Enpresa handiek merkatuarengan duten neurriz kanpoko eragina moztu egin behar da, gehiegizko prezioak eta enpresa txiki eta ertainentzako oso kaltegarriak diren kostuak ezartzen dituztelako, enplegu gehien sortzen dutenak azken hauek diren bitartean. Enplegua bultzatu beharko litzateke lanaldia murriztuz. Edonola ere, enplegu-tasa produkzio-ereduaren araberakoa izango da, eta hau ez da soilik egoera ekonomikoaren ondorio, baizik eta, batez ere, politiken emaitza. Hau da, nork erabakitzen duen baliabideen erabilera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo