GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

EUSKARAZ BIZI EGUNA

Hirietan ere euskaraz bizitzeko aldarrikapenak hartu zuen Donostia

Arrakastatsua izan zen Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) Euskaraz Bizi Eguna atzo Donostian ospatzeko egindako apustua. Hirietan ere euskaraz bizitzeko eskubidea dagoela aldarrikatu zuten. Eta milaka lagunek bat egin zuten deiarekin.

p008_f02_097x116.jpg

Martxelo DIAZ

Egun osoko egitaraua izan zen atzo Donostiako Alde Zaharrean. Goizean, eguraldi apartak lagunduta, jende andana hurbildu zen Trinitate plazara. Handik abiatu zen Bonberenea txaranga auzoko kaleak girotzera, Porrotx eta Patakon pirata gidari zirelarik.

Horrelakoetan gertatzen ohi denez, haur multzoa zuten atzetik, gurasoekin batera. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre ere tartean zebilen. Konstituzio plazan puzgarriak zituzten zain txikiek eta han kontatu zituzten Porrotxek eta Patakonek euren komeriak. Albokariak, trikitilariak eta Trebeska taldeko dantzariak eta erraldoiak ere han izan ziren.

Bi plaza horietan ez ezik, euskaraz bizitzeko aldarrikapena Alde Zaharreko beste txokoetara ere hedatu zen, une oro festa giroan eta euskaldun izatea harrotasunez bizi behar dela erakusteko gogotsu; horixe baitzen atzoko egunaren leloa, «Euskalduna naiz eta harro nago». San Telmon, adibidez, hizkuntza jokabideen tailerra eta bakarrizketak izan ziren.

Egunak aurrera egin ahala eguraldiak okerrera egin zuen eta manifestazioa hasi zenean lehen euri tantak sumatzen ziren. Martxa Bulebarrera itzuli zenean euri jasa zen.

Halere, jende andana elkartu zen. Manifestazioaren burua San Martin kalea atzean utzi eta Foruen pasealekuan sartu zenean atzeko muturra oraindik Urbieta kalean zen.

Ez da harritzekoa manifestazioak halako sostengu zabala izatea. Izan ere, atzoko eguna prestatzeko Donostiako lagun eta talde ugari aritu dira lanean. 2.700 atxikimendutik gora jaso zituen atzoko ekimenak aurreko egunetan.

Ibilbidean «Euskal Herrian euskaraz», «Donostian ere euskaraz», «Euskara ofiziala Euskal Herri osoan», «Barcina, entzun, Nafarroa euskaldun» eta «Sarkozy, entzun, Baiona euskaldun» oihuak entzun ahal izan ziren, besteak beste. Atzetik, Patxarangaren doinuek atzokoa ere festa eguna zela gogorarazten zuten.

Bulebarreko kioskoan, EHEko kide Igone Lamarainek Txillardegi -euskaltzale eta donostiarra- ekarri zuen gogora. Azken elkarrizketetako batean esandako hitzak ekarri zituen gogora, alegia, euskarak bizirik irauteko estatua beharrezko zuela. «Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; baina estaturik gabe ziur ezetz».

Lamarainek nabarmendu zuenez, Estatu espainoleko eta frantseseko legediek ez dute euskara babesten eta, hori dela-eta, burujabetza ezinbestekoa da euskararen alde lan egin ahal izateko.

Dena den, norbanakoaren ardura ere nabarmendu zuen euskaraz bizitzeko hautua egiteko garaian. «Burujabe, harrotasunez, euskalduna izan. Egitea eta eragitea. Hori da euskaldunoi dagokiguna», esan zuen.

Donostiako Bagera euskal elkarteko buru Dani Goñik Konstituzio plazaren izen tradizionala Plaza Berria dela oroitarazi zuen, eta Txillardegik ere horrela esaten ziola. Izen aldaketaren alde egin zuen, Konstituzioak hizkuntz eskubideak urratzen dituela argudiatuta.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo