GARA > Idatzia > Kultura

Parisko Kultura ministroak euskarazko hedabideek jasaten duten bazterkeria aztertuko du

Estatu frantseseko Kultura Ministroa Frederic Mitterrandek okzitanieraz eta euskarazko sareko hiru hedabideri «hedabide osoa» izaera eta diru-laguntza publikoak ez ematearekin ados ez dagoela adierazi zuen

GARA | BAIONA

Larunbatean, Baionara egindako bisitan, sarean jarduten duten euskarazko Ipar Euskal Herriko Hitza eta Kazeta.info zein okzitanierazko La Setmana «hedabide osoak» direla eta jaso duten tratamenduarekin ados ez dagoela adierazi zuen Estatu frantseseko Kultura ministro Frederic Mitterrandek. Diru-laguntzak emateko irizpideak aldatzen ahaleginduko dela gaineratu zuen.

Arazoa martxoaren 3an salatu zuten aipatutako hedabideek Baionan bertan egin agerraldian: Estatu frantseseko prentsa agentziak eta argitalpenak kudeatzen dituen batzorde parekideak (CPPAP) okzitanieraz eta euskaraz jarduten duten Interneteko hiru hedabideei -Ipar Euskal Herriko Hitza, La Setmana eta Kazeta.info-ri ez die onartu «informazio orokorra eta politikoa lantzen duten hedabide elektronikoen izaera» eta, ondorioz, diru laguntzak murriztuko dizkiete. Erabakia hartzeko arrazoi bakarra dago: komunikabide horiek euskara eta okzitaniera erabiltzea.

Frederic Mitterrandek onartu zuen hegazkinean zetorrela izan zuela hedabide horiek duten «arazoa»-ren berri, eta diru-laguntza publikoei dagokienez izan duten tratamenduarekin ados ez zegoela gaineratu zuen. «Eskualde hizkuntzak Frantziako ondare gisa Konstituzioan sartu diren unetik babestu behar dira hizkuntza horiek eta ondorio guztiekin, gainera. Ezagutzen dut hedabideek duten arazo hori eta, pertsonalki, diru-laguntzak emateko irizpideak aldatzen ahaleginduko naiz. Oso argi esaten dut, ez dakit aldaketa hori lortuko dudan, baina horren aldeko konpromisoa hartuko dut», ziurtatu zuen ministroak Euskal Irratien mikrofonoen aurrean.

Mitterranden ustez, Interneten bidez jarduten duten hedabide horiek «hedabide osoak» diren heinean, «beste edozein hedabide bezala» hartu behar dira.

Aipatu bezala, Estatu frantseseko prentsa kudeatzen duen batzorde parekideak (CPPAP) Interneteko hedabideek jasotzen duten laguntza orokorretik kanpo utzi ditu Kazeta.info, Ipar Euskal Herriko Hitza eta Okzitaniako La Setmana. Batzorde parekidearen ustetan, hiru hedabideek frantsesa ez den beste hizkuntza bat erabiltzen dutenez, «komunitate zehatz bateko herritarrengana baizik ez dira zuzentzen», agerkari digitalek darabiltzaten hizkuntzak erabiltzaile guztiek ez dituztelako ulertzen; «ez dira, beraz, informazio orokorreko hedabideak».

Martxoaren 3an, Baionako agerraldian, Kazeta.infoko arduradun Maite Ubiriak hiru komunikabideen aurkako «diskriminazio ekimen bat» dela salatu zuen eta beste komunikabideek jasotzen duten trataera bera jasotzeko eskubidea dutela esan zuen. Aldi berean, kazetari gisa «irainduak» eta «mespretxatuak» sentitzen zirela esan zuen. Elkartasuna azalduz, beste hainbat kazetari ere egon ziren, hala nola «Herria», «Kanaldude» eta «Berria»-koak.

DISKRIMINAZIOA

Frantsesa ez den beste hizkuntza bat erabiltzen dutenez, «komunitate zehatz bateko herritarrengana baizik ez dira zuzentzen», diote Estatu frantseseko agintari publikoek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo