GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ANALISIA AINHOA ETXAIDE, LABeko idazkari nagusia

Burujabetza bai ala bai

p006_f10.jpg

Gezur asko entzun ditugu erreforma honen justifikazio itxurarekin. Gezur nagusia, bere onurak luzera ikusiko ditugula, enpresak lehiakorragoak izango direlako eta horrek enplegua sortuko duelako. Gezurra da. Lehiatzeko gaitasuna prezioetan kokatzen duen ereduak porrot egin du mundu mailan ekoizle berriak nagusitu direnean. Beti egongo da gehiago eta merkeago produzitzen duenik. Guztiz kontrajarria da lehiatzeko gaitasuna kalitatean eta balio erantsian kokatzea, eta muturreko prekarietatean oinarritzen den lan merkatua ezartzea. Erreformak motzera kalitatezko enplegua suntsitzeko eta luzera esklabotzara gerturatuko gaituen enplegua sortzeko balio du, ez dago besterik.

Enpresa handi eta transnazional gutxi batzuen neurrira egina dago. Gutxi batzuk oraindik eta gehiago aberastuko dira; gure lan eskubideen kontura etekinak lortuko dituzte eta horiekin espekulatuz irabaziak biderkatuko dituzte. Hori da erreforma honen arrazoi eta helburu bakarra.

Euskal enpresen lehiakortasuna handitzeko aitzakiaz egin duten erreforma izanik, ezin dugu arazo handi bat aipatu gabe utzi: «Espainia» marka zama bat da nazioartean lehiatzeko eta erreforma honekin gaur atzo baino lotuagoak gaude marka horri. «Made in Spain» jartzen duen edozein gauzak balio du «made in Germany» jartzen duen zerbaitek baino gutxiago, ez ditu beste edozein markak baino ate gehiago irekitzen eta finantziazio iturriak bilatzeko zailtasunak ematen ditu.

Argi dago, ordea, Espainiari lotuak jarraitzeak etekinak eta onurak ematen dizkiola patronalari. Hemen gure eskubideak defendatzeko eta lan baldintzak hobetzeko aukerak eman dituen negoziazio kolektibo eredu eta egitura sendoa garatu dugu; ez da izan hemen patronala eskuzabalagoa delako, borrokaren emaitza izan da. Hori amaitzea patronalaren aspaldiko eskakizuna da, eta euskal langileok gogor borrokatu gara eskakizun horren kontra. Erreformarekin patronalaren nahia nagusitu da. Euskal langileok zilegitasun osoz lortutakoa inposizio bidez kendu digute. Euskal langileon erabakitzeko eskubidearen kontrako eraso zuzena da, Confebask eta CENek zuzendutako erasoa.

Patronalak ihes egiten dio krisi honi eman behar zaion irtenbidearen eztabaida hemen egiteari, erabakiak Euskal Herrian hartzeari. Badaki ezinezkoa dela benetako konponbideak topatzea Estatu espainoleko egoera ekonomikoan eta krisiaz egiten ari diren kudeaketan. Berdin da. Estatuko esparrua da Euskal Herriko klase gatazkan nagusitzea ziurtatzen diona, eta hori da kontua. Burujabetzaren bidea egiteko arrazoi asko ditugu euskal langileok eta hau da guretzat bereziki garrantzitsua. Gure klase interesen alde borrokatzeko gaitasuna dugularik eta Euskal Herrian borrokatzen ditugularik, erabakiak hemen ez beste edozein lekutan hartuz lapurtzen digute gure eskakizunetan aurrera egiteko aukera.

Martxoaren 29an enpresak itxi eta kalera aterako gara. Lan erreforma salatzera aterako gara, erreformak langabezia eta prekarietatea zabalduko duelako guztiontzat eta krisia areagotuko duelako. Astakeria hutsa da eta hasiak gara bere lehenengo emaitzak ikusten. Langileak gaixotasun bajak hartzeagatik kaleratzen dituzte eta erreformaren aurretik ezinezkoak ziren eskakizunak jartzen ari dira enpresariak negoziazio mahaietan. Enplegua suntsitzen duten erabakiak dira guztiak.

Astakeria bat da, guztiz onartezina, erreformaren atzean dagoena langile klasea bazterketa sozialera eta pobreziara kondenatzen gaituen proiektu politiko bat delako. Ez da krisia, ezta atzerrian salmentak handitzeko nahia ere. Aberastasuna eta lana banatuz herritar guztion bizi baldintza duinak ziurtatzeko aukera dago. Beraz, hautu politiko bat da pobrezia sortzen eta indartzen duen eredua inposatzea, kapitalismo bortitzena inposatzea eskatzen duen proiektu bati jarraituz.

Enpresa handi espekulatzaile gutxi batzuen interes ekonomikoak Euskal Herriaren eta langile klasearen gainetik jartzen dituztela salatzeko egingo dugu greba orokorra. Bizi dugun krisi politikoaren neurria erakutsiko duen erantzun eta mobilizazio erraldoia izango da, gainera, krisiaren kudeaketa guztiz antidemokratikoa izaten ari delako.

Herritarrok erabakietan parte hartuko bagenu ez genuke erabakiko enpresariei nahi dutena egiteko botere osoa ematea, zerbitzu publikoak deuseztatzea eta babes soziala kentzea. Erabakiak non hartzen diren, nork hartzen dituen eta nola hartzen diren ongi lotuta ari dira krisia kudeatzen. Erabakitzeko eredu eta esparru honekin nekez aldatuko ditugu gauzak. Langileok dugu interes handiena Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea agenda politikoen erdian kokatzeko borrokan.

Azken hiru grebetan aldarrikatu dugu krisi honen aurrean eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzea dela hartu dezakegun bide bakarra. Eredu berri bat eraikitzea, horretarako beharrezkoak ditugun aldaketa politiko eta sozialak burutuz. Euskal eragileok geure kabuz egiten ditugun urratsekin eta gure borrokarekin sortzen ditugun egoera berrietan aurrera eginez lortuko ditugu benetako aldaketak. Prozesu baten emaitza izango dira eta laugarren grebak horretan urrats berriak egitera behartu behar gaitu.

Borrokaren eta konfrontazioaren bidea indartzeko greba izango da. Konfrontazioa lantokietan, patronalari erreformak eman dion boterea mugatzeko. Borroka instituzioetan, esparru eta eredu instituzionala aldatzeko eta politikak benetan aldatuko dituzten egitasmoak martxan jarriz. Eta mobilizazioa herri, hiri eta auzoetan. Mobilizazio soziala da aldarrikapenak indartzeko eta jendea borrokara lotzeko dugun bide nagusia. Martxoaren 29an mobilizazio sozial ikaragarria izango da, aldaketa politiko eta sozialen aldeko borroka bazter guztietara zabaltzeko eta eremu guztietan indartzeko. Ostegunean, guztiok kalera. Besarkada gorri eta iraultzaile bat horretarako aukerarik gabe, espetxeetan eta erbestean greba orokorrarekin bat egingo duzuen euskal langile guztiei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo