GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Andoni Barreña | Durango 1936 Kultur Elkartea

Bonbaketak 75 urte

Gaur 75 urte beteko dira Durango gupidagabe suntsitu zuen bonbaketa gertatu zenetik. Mola jeneralak zuzentzen zuen armada faxistak eratu zuen ekintza genozida eta Italiako hegazkinek gauzatu. Aurten, lehen aldiz, 75 urte pasatu eta gero, Durangoko Udaleko gehiengoak onartu ditu, besteak beste, a) Espainiako eta Italiako gobernuei erantzukizuna eta egiletza onartu eta jendaurrean barkamena eska dezaten premiatzea, b) gaur arte egia isilarazteko jarraitutako bidea arbuiatzea, eta c) Durango garbitzen eta berreraikitzen lagundu zuten preso errepublikarrei eskerrak ematea.

75. urteurrenean hainbat ekitaldi interesgarri antolatu dira Durangon bonbaketa oroitzeko, belaunaldi berriei egia jakinarazteko eta munduko ezein bazterretan halakorik berriro gerta ez dadin eskatzeko. Batzuk Udalak antolatu ditu. Beste batzuk Zilar Astearen barruan, hainbat herri-talde eta ikastetxeren artean eratu dira. Zilar Astearen helburua gaia ikuspegi eta diziplina ezberdinetatik lantzea da, eta horretarako batxilergoan interbentzio didaktiko berezia, erakusketa eta antzezkizuna prestatu dira.

Baina bada beste ekitaldi azpimarragarri bat Zilar Astearen barruan, gaur bertan bonbaketak gehien birrindu zituen zenbait gunetan zehar egingo den ibilbidea, hain zuzen. Ibilbidea 18:15ean hasiko da Kurutziagan egia, justizia eta erreparazioa eskatuz, eta Durangoko kaleetan barrena jarraituko du, tartean hainbat eginkizun burutuz, 20:00etan Elizpean urteroko ekintza nagusia egiteko: oroimen ekitaldia eta bonbaketa jasan zutenei lore eskaintza.

Durangoko Udalak antolatzen dituen ekitaldien artean, eguerdiko hamabietan «Gerra zibilaren biktimei omenaldia» deritzana dago, hilerrian azken urteetan egiten dena. Durango 1936 Kultur Elkartea ez da bertan egongo, ez baitago ados ekitaldi honekin. Hasteko, martxoaren 31 bonbaketa oroitzeko eguna izan behar dela aldarrikatzen dugulako. Populazioaren %5 hil zuen bonbaketak ez al du merezi urtero modu esklusiboan gogoraraztea? Gure herria birrindu zuen ekintza genozida horrek ez al du merezi egun bat urtero? Zergatik ez dugu ikusi nahi Durangok jaso zuen bonbaketa denon aurkakoa izan zela, genozidioa izan zela? Zergatik ez dugu ikusi nahi bonbaketak haurrak eta helduak, gizonezkoak eta emakumezkoak, gorriak eta zuriak hil zituela? Zergatik ez dugu jakin nahi bonbek ez dutela herritarrik bereizten krudelkerian?

Durangoko Udalak, ostera, «gerra zibila»-ren biktimei egiten die omenaldia egun horretan. Gerra zibila ala altxamendu faxista? Guk biktima guztiak errespetagarriak direla uste dugu. Altxamendu faxistak eragindako biktima batzuei Durangoko Udalak berrogeitaka urtetan egin zien izugarrizko omenaldia, horretarako kapera kristau berezia eraikiz hilerrian.

Errepublikaren eta Euskal Herriaren alde egin zuten biktimei ez zaie halakorik egin gure herrian. Justizia eta erreparazioa eskatzen dugu, besterik ez.

Nola uste du Durangoko Udalak hilerriko bazter batean guztiekin hitzik egin gabe itxi daitezkeela altxamendu faxistak eragindako zauri isilduak?

Horregatik guztiagatik Durango 1936 Kultur Elkartea ez da hilerrian izango, baina izango da Zilar Astean eta Elizpean, egia, justizia eta erreparazioa eskatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo