GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Avironek benetako finala jokatuko du Katalunian

Zuri-urdinek irabaziko balute, jaitsierako postutik irtengo lirateke, Perpinya zulora bidaliz. Galtzen baldin badute, oso zaila izango dute mailari eustea.

Jon LEUNDA

Avironek benetako finala jokatuko du gaur, 14.15etik aurrera, Perpinyan. Joan den astean Briveri irabazi ostean, jaitsieratik irten zen, beren aurkaria sailkapenean ere gainditu ostean. Partida bat gutxiago zeukan, ordea, Brivek, Lyonen aurka jokatu beharrekoa, eta hori astean zehar jokatu eta irabazi du, Baionako taldea berriro ere jaitsierako zulora bidaliz.

Emaitza horrek beste ondorio bat ere utzi du; izan ere, Lyon ia Pro 2 Mailan geratu baita. Matematikoki izan dezake aukeraren bat Top 14ari eusteko, baina oso gutxi. Beraz , orain postu bat geratuko da jaisteko, eta Avironek gaur galtzen badu, aukera asko izango ditu jaitsiko den bigarren taldea izateko.

Sailkapenean Baionakoak hamahirugarren postuan daude 34 punturekin, eta kataluniarrak, hamabigarren, puntu bat gehiagorekin. Beraz, gaur irabazita jaitsieratik irtengo lirateke, eta aurkari zuzena bazterrean utziko lukete. Galduta, oso egoera txarrean geratuko lirateke.

Oso zaila

Biarritzek mailari eusteko borrokan urrats garrantzitsua egin zuen joan den astean, baina ez dago jaitsierako arriskutik libre, eta puntuak ahalik eta azkarren batu behar ditu, azken orduko ezusteren bat ekiditeko. Horretarako kontrario zaila izango du gaur, 14.00etatik aurrera Agileran, Clermont izango baitu aurrean. Frantziarrak bigarren postuan daude, lehen postuan dagoen Stade Toulosainengandik puntu batera.

Biarritzek ere taldea hor goian ibiltzeko egin zuen, eta gaur garaipena lortzea ez litzateke horren ezuste handia izango. Hori bai, horretarako lan handia egin beharko du, eta azkeneko jardunaldietan eman duen itxura eman, bestela zaila izango du aurtengo Liga irabazteko faborito nagusietako bat den taldea mendean hartzea.

Biarritz

Biarritzek urrats handia egin zuen joan den astean mailari eusteko, baina ez dago jaitsieratik libre. Gaur, 14.15etik aurrera Clermont talde handia hartuko du Agilerako estadioan.

Emakumezkoak

Emakumezkoetan, Baionako ASB taldea Top 10era igotzeko borrokan ari da. Bihar jokatuko du 15.00etatik aurrera Jean Dauguerren, Chyllyren aurka. Baionakoak bigarren daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo