GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Herrira zabalduko da Donostiaren kultur hiriburutza

Aurtengo maiatza Donostiarentzat ez ezik, Euskal Herri osoarentzat izango da berezia. Izan ere, Donostia 2016 hautagaitzaren bulegoak Olatu Talka jaialdia antolatu du hirugarren urtez eta aurtengoa berezia izango da, Euskal Herriko hainbat herri eta hiritara joango baita maiatzaren 11tik 13ra. Bilbotik Baionara eta Donostiatik Arantzara.

p053_f01_199x100.jpg

Maddalen LARRINAGA | GETARIA

Moda, antzerkia eta iraunkortasuna bateratzen dituen jarduera bat, musika talde sortu berrien zirkuitu bat, kultura libreari buruzko ekimen bat, hiri-kulturako erakustaldiak... Hori guztia barneratzen du Olatu Talkak, Donostia 2016an Europako kultur hiriburua izateko hautagaitza lantzen duen bulegoak antolatutako jaialdiak. Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta berrikuntzak erantsi dizkiote orain arteko programari.

Alde batetik, Donostiatik Euskal Herri osora zabalduko da Olatu Talka. «Lurraldeko proiektua da, Bilbotik Baionaraino doana 2016ak dituen baloreak partekatzeko», esan zuen atzo 2016 bulegoaren koordinatzaile-kudeatzaile Eva Salaberriak, Getariako Balenciaga museoan egindako aurkezpenean.

Atzo Donostiatik at egingo diren jarduerak aurkeztu zituzten eta horien artean trikiti eta pandero topaketak, moda desfileak, sukaldaritzarekin lotutako jarduerak eta beste hainbat gauza antolatu dituzte, herritarren laguntzarekin eta hautagaitzak lantzen dituen bost balioen arabera sailkatuta (Trans, Eko, Geo, Lab, Koop, Pop, Net eta Diy).

Lehenengo prentsaurreko hau «keinu bat» izan da, jendeak Donostia 2016 ez dela Donostiaren proiektua bakarrik uler dezan, «lurralde osoarena» baizik. Horregatik aukeratu dituzte balio ezberdinekin bat zetozen ekimenak. «Nik badakit zaila dela esatea hasieran proiektua eta Olatu Talka ez dela Donostiarena bakarrik, baina parte har dezakegu eta parte sentitzera gonbidatzen zaituztegu», adierazi zuen atzo Igor Otxoa Donostia 2016ren proiektu zuzendariak.

«Hau lehenengo pauso bat da eta espero dugu, denborarekin, jendeak bereganatu dezan ideia hori, Olatu Talka ekimena kalera ateratzeko egun bat dela uler dezala jendeak, kultur adierazpenak ikustekoa. Jendeak Olatu Talka lotu dezan herrietan kultur ekimen ez-profesionalak eta emergenteak azalaratzeko, gozatzeko eta partekatzeko daukaten egun horrekin. Hori da helburua», gehitu zuen Otxoak.

Hirugarren Olatu Talka honetan antolatutako jarduerek oraindik ez dute data finkorik, egutegia ixten ari baitira, baina jarduerak hitzartuta dituzte. Horietatik bat «Sukal Talka» izango da eta sukaldaritza-tailer gisa jaio da Tolosan. Bertan herritarrek errezetak egiten ikasi ahal izango dute eta produktuen ekoizleek egunero egiten duten lana ezagutzeko eta bertako produktuen jatorria eta ingurunea ezagutzeko aukera ere izango dute bertara hurbiltzen direnek.

Orion, ordea, musikari helduko diote Olatu Talka honetan. Bertan trikiti eta pandero topaketa handi bat antolatu dute. 300 haur inguru elkartuko dira eta kalejirak eta kontzertua eskainiko dute. Astigarragan bestetik, flauta topaketa bat egingo da filmen soinu-bandak hari nagusi izango direla. Horretan, Gipuzkoako hamasei musika eskolak eta Bizkaiko bik hartuko dute parte.

«Agian, ez ditugu ikusiko maila artistiko handiko ekimenak, baina ez dugu hori bilatzen. Niretzat garrantzi handiagoa dauka haur txiki bat espazio duin batean eta jendearen aurrean dakien zerbait jotzen ikustea, beretzat esperientzia bat izatea bere prozesuan eta bere garapenean. Baditugu beste ekimen oso ikusgarri batzuk eta maila kultural eta artistiko handiko beste nonbaiten. Balioa dauka norberak aurkezten duen zerbait delako eta bat datozelako proiektuaren balioekin», azaldu zuen Otxoak.

Antolatutako jardueren artean bazterketaren aurkakoa da bat. Izan ere, Gainditzen Tolosaldea-Goierriko Pertsona Gorren Elkarteak bakarrizketa berezi batzuk antolatu ditu Tolosan. Bertan, urruneko herrixka batean bizi eta zibilizaziorik ezagutu ez duen pertsona gor batek hirira bizitzera joatea erabakiko du eta, horrela, pertsona gorren eta entzuten dutenen arteko konparazio dibertigarri bat egingo du Julian Rodriguez Gainditzen elkarteko kideak. Entzuten duten pertsonentzako interpretea izango da.

Maiatzeko izendapena marrazkiz beteaz

Joan den asteartean, Donostia 2016 bulegoak beste ekimen herrikoi bat gauzatu zuen. Izan ere, hautagaitzaren olanak berritu nahi ditu bulegoak maiatzean egingo den hautagai izendapenerako, eta horretarako modu onena herritarrek parte hartzea dela uste dute. Izan ere, olana zaharretan «hautagaitza» hitza ageri da eta maiatzetik aurrera Europako kultura hiriburu izango da Donostia. Horri begira, asteartetik gaur arte Abiapuntuak izeneko tailerra antolatu dute marrazkiak jasotzeko. Parte hartzaile bakoitzak orrialde zuri bat jaso zuen sei zatitan tolestuta. Tailerrean zehar sei galdera esaten zitzaizkien herritarrei: «Zer ikusten duzu goizero zure gelako leihotik, zer egiten duzu normalean 9.00etatik 12.00etara, hiriko zein tokitan gordetzen dituzu oroitzapen onenak, zer da zuretzat Donostia...» eta antzekoak. Erantzun bakoitzarekin parte hartzaileek marrazki txiki bat egin behar zuten karratu zuri batean eta amaitutakoan, beste tolestura bat hartu eta ondoko lagunari eman behar zioten hurrengo galderari erantzuna emango zion marrazkia egin ahal izateko. Hala, galdera guztiak erantzunda eta orrialde guztia marrazkiz beteta, puzzle antzeko bat lortzen da tailerrean parte hartu duten guztien artean osatua. Eta puzzle hori izango da olana berriek izango duten irudia, alegia.

Tailerrek arrakasta handia izan dute; partaidetza nabarmentzekoa izan dela adierazi zuten antolatzaileek asteartean, tailerrak hasi ziren egunean, eta parte hartzaileak pozik atera ziren erantzunarekin. Gehienek jakin-minak bultzatuta eman zuten izena. «Parte hartzen uzten dizutela aprobetxatzeko», zioen beste batek. Hala, milaka marrazkik osatutako olana berriak maiatzean jarriko dituzte Donostian zehar, izendapen ofiziala egiten denean. M. L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo