GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Noiz izorratu zen maitemina?

Mendebalde kapitalistaren maitemina ez zen mugatzen, ez, urre beltz eta gorriz gizendutako autokrata musulman bakan eta ustel batzuetara

Egungo adituek oso lantzean behin, eta zeharka, hizpidera ekarri ohi duten galdea da; baina ez da izango gaiak interesik ez duelako. Eta apustu egingo nuke etorkizuneko historialariek orduak eta orrialdeak xahu- tu beharko dituztela erantzuna aurkitzeko. Noiz -edota zergatik- hautsi zen islamismo politikoaren eta mendebalde kapitalistaren arteko maitemin luzea?

Luzea izan baitzen, alajaina, «merkatua da irtenbidea» eta «islama da konponbidea» ziotenen arteko amodioa. «Zibilizazioen arteko gatazka», «europar etorkiko gizarte demokratikoaren eta islamaren arteko jazargo saihestezin eta betikoa», eta gisako ergelkeriak entzunez hazi eta hezi diren gure gaztetxoei sinesgaitza gerta badakieke ere. Zaharragook, orain gure artean nagusitu den agit-prop horren zarata- ri entzungor egiteko gai garen neurrian behintzat, aise gogora dezakegu Reagan administrazioak Afganistango mujahidin estremistenei freedom fighter deitzen zieneko garai ez hain urrutikoa. Bakanagoak izango dira, ordea, FLNren aurka Aljeriako islamistek frantziar aginte kolonialarengandik jaso zuten laguntasunaz oroitzen direnak. Edota Mossadeghen aurka Irango elizgizon xii atzerakoienek AEB eta Erresuma Batuaren konspirazioarekin nola egin zuten bat gogoan dutenak... Eta badira adibide zaharragoak. Mordoa.

Mendebalde kapitalistaren maitemina ez zen mugatzen, ez, urre beltz eta gorriz gizendutako autokrata musulman bakan eta ustel batzuetara. Aspaldi gabeko prentsa eta argitalpenak gainbegiratzea nahikoa da jabetzeko zein orokorra zen «gure» mundu-parte honetan «musulmanak, zenbat eta meskitatik hurbilago eta politikatik urrunago, hobe» ikuspuntua. Oraingo predikuaren kontrakoa, hain justu. Eta esango nuke islamismo politikoaren aldetik antzeko zerbait gertatzen zela Mendebaldearekiko.

Noiz eten zen elkarmin harrigarri samar hori? Txorakeria litzateke erantzun bakarra eta zuzena emateko gauza garela iradokitzea. Islamismo politikoa Osama bin Ladenen burutazioekin parekatu nahi izaten dutenei entzun diet behin edo behin 1991ko Golkoko Gerraren ondorioz aldendu zela -nola gainera- hura estatubatuarrengandik. Litekeena da; baina horrek, gehienera, Osamaren eta haren tartedikoen jarraibidea argitzen du, besterik ez. Beste islamista askorentzat, Aljeriako kolpistei Mendebaldeak emandako babesa askoz samingarriagoa izango zen. Israelen basakeria etengabeen aldeko jarrera ez aipatzearren...

Bada, ordea, islamismo politikoaren munduan behin eta berriz aipatzen den gertaera bat... eta Mendebaldean sekula aintzakotzat hartzen ez dena. Oraintxe hogei urte hasi zen Bosniako gerra. Guri, agian, bi mundu gerren ondorengo Europa ustetsua ez zegoela guduen aurkako txertoa hartuta frogatzeko balio izan zigun. Mundu osoko milioika islamiarrei, ordea, erakutsi zien bere burua demokraziaren eta gizalegearen eredutzat zuen Europa horrek ez zituela bere arau oinarrizkoenak betetzen ez betearazten eraso bidegabeenaren pean zegoena herri musulman bat -geu bezain europarra, baina musulmana- zenean. Kostako da eten hori konpontzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo