GARA > Idatzia > Euskal Herria

Independentzia behar dela diote abertzaleek

Independentistak sareak Iruñean antolatu duen Aberri Egunean parte hartzera deitu zuten atzo ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek, eta Euskal Herriak bizirik iraun ahal izateko euskal Estatua ezinbestekoa dela gaineratu zuten .

p015_f02_097x092.jpg

GARA | IRUÑEA

Independentistak sareak Iruñean antolatu duen Aberri Egunean parte hartzeko deia egin zuten atzo ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek, Nafarroako hiriburuan egindako agerraldian.

«Euskal Estaturik gabe ez dago etorkizunik Euskal Herriarentzat; irtenbide bakarra independentzia da», nabarmendu zuen Txelui Moreno ezker abertzaleko eledunak. Agerraldian Aitor Etxarri (EA) eta Xabier Lasa eta Ana Barrena(Aralar) ere izan ziren, besteak beste.

2012a urte berezia dela gaineratu zuen Morenok, «Nafarroako independentzia galdu genuenetik 500 urte betetzen direlako» eta, hori dela eta, «gure eskubide den burujabetzaren bidetik egin behar dugu eta nahi duguna demokratikoki eraiki».

Euskal Herriaren independentzia Nafarroatik aldarrikatzeak duen garrantzia ere nabarmendu zuen Morenok, «herrialde honetan aldaketa politiko, ekonomiko eta soziala gero eta gertuago dagoelako».

Iragan berri den greba orokorrak ere Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko independentzia behar duela erakutsi duela gaineratu zuten abertzaleek. «Estatu espainolarekin loturak apurtu eta gure beharrak defendatuko dituen estatua behar dugu», esan zuen. Ekonomia arloan ez ezik, euskararen berreskuratzean ere aurrerapausoak emateko ezinbestekotzat jo zuten independentzia lortzea.

EAJ: «Lehena, ETArik gabe»

EAJk, bestalde, aurtengo Aberri Eguna ETAk jarduera armatua uzteko erabakia iragarri zuenetik lehendabizikoa dela nabarmendu zuen. «2012. urte honetan, azken 76 urteotan lehen aldiz, askatasun osoz gure burujabetasuna aldarrikatu ahal dugu, inolako bortxakeriaren mehatxurik gabe. Sei hilabete igaro dira ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitzeko adierazpena egin zuenetik», adierazi zuten jeltzaleek Aberri Egunari begira kaleratu zuten agirian.

«ETAk bere jarduera armatuaren amaiera aldarrikatu izana urrats esanguratsua da, herri honek bakea lortuko badu; baina, Euskadin elkartasuna finkatzeko, hurrengo denboretan beharko da borroka armatuaren bidezkotasunaren filosofian bizi direnek ezberdin izateko eskubidea aitortu eta babestea -politika bortxakeriara baldintzatu dutenek ere aitortu behar dute hau-, eta euskal gizarteak berak kasu bakoitzean osatuko duen gehiengo eta gutxiengoen mapan integratzea», dio EAJk.

«Zinezko bakea, bake osoa, urrun dago oraindik Euskadin, baina ezin dugu gutxietsi herri honek azken hilabeteotan bereganatu duen urrats handia», gaineratzen du EAJren adierazpenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo