GARA > Idatzia > Euskal Herria

Filipe Bidart Euskal Herrian bizi ahal izan dadin lortzeko kanpaina martxan da

Filipe Aska! batzordeak frantses Gobernuak baigorriarraren aurka darabilen «jazarpen politikoa» salatu zuen atzo. Filipe Bidart Euskal Herriratzeko abiatu duten kanpainaren lehen sinadurak azaldu zituzten.

p013_f02.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

1988az geroztik atxiloketa eta Euskal Herritik urruntzea jasan duen Filipe Bidart baigorriarrari frantses Gobernuak egiten dion «jazarpen politikoa» salatu zuen atzo Filipe Aska! sostengu batzordeak.

2007an baldintzapean aske geratu zen eta Okzitaniako Beziers herrian bizi eta lan egitera behartu zuten baigorriarra. Joan den otsailean amaitu zen baldintzapeko askatasunean eman beharreko denbora. Hortik aitzinera, Euskal Herrira itzultzeko eskubidea zuen Bidartek. Martxoan, Parisko epaileak eskaera onartu bazuen ere, fiskalak helegitea pausatu zuen, epailearen erabakia behin-behinean baztertuz.

Maiatzaren 15ean aztertuko dute helegitea Parisen. Bitartean, Bidart Beziersen bizi eta lan egitera behartua dago. Filipe Aramendi abokatua haserre agertu zen jazotakoarekin. «Baldintzapeko askatasunaren helburua kondenatuak izan diren pertsonak birgizarteratzea da. Estatu ordezkaria den Parisko prokuradoreak birgizarteratze hori ukatzen du».

Helegite horren arrazoiak ere salatu zituen abokatuak, prokuradoreak ez baitu inongo argudio juridikorik aurreratu. «Eskaera sobera goiz egin duela eman dute argudio gisa. Erabakia guztiz politikoa da, eta Euskal Herriko bilakaera politikoaren aurka doa», salatu zuen, berriz. Filipe Aska! batzordeko ordezkari Filipe Laskaraik bere egin zituen abokatuaren erranak, «egungo testuinguruan Bidarti egiten zaion jazarpena onartezina» dela nabarmenduta. Horrenbestez, azken hilabeteotan, frantses Estatuaren «politika errepresiboa azkartu» egin dela gogorarazi zuen. Ildo horretatik, Jon eta Kepa Paroten kasuekin lotura eginez, azkenean, «Estatu frantsesean `Parot doktrina' ez bada ere, hori berdin aplikatua» dela salatzeko. Filipe Aska! batzordearen izenean, «elkarrizketari ekiteko» eskaera egin zioten frantses Gobernuari, baldintzapeko askatasun egoeran diren preso politikoak eta asignatuak direnak behin betiko askatzeko.

Hautetsien sostengua

Lekuko Giza Eskubideen Ligak (LDH), Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak, alderdietako ordezkariek eta Jean Michel Galant Azkarateko auzapezak hartu zuten parte atzoko agerraldian. Horien agerpenarekin batera, Bidarten sostenguz osatu den zerrendaren berri eman zuten. Dagoeneko, hautetsi abertzaleei gehituta, MoDem, Berdeak eta PS alderdietako hainbat hautetsik babestu dute Bidarten aldeko kanpaina.

Hala nola, Sylvianne Alaux, Kotte Ecenarro, Marie-Christine Aragon eta Frantxoa Maitia kontseilari sozialistek, Alice Leiziagezahar eskualde-kontseilari ekologistak, Jean-Rene Echegaray (herri kontseilaria) eta Jean Jacques Lasserre senatari zentristek izenpetu dute.

Jean Michel Galantek Bidart sostengatzera deitu zituen atzo hautetsiak. «Beste dosierretan, Parisek dio, hautetsiak ados badira eginen duela», argitu zuen, Nicolas Sarkozy frantses presidenteak Baionan egin adierazpenak gogora ekarri nahian.

Eskubidea ukatu

Christophe Despres LDH elkarteko ordezkariak Bidartek eskatzen duena «eskubide» bat dela gogorarazi zuen, eta «salbuespenezko prozedura baten bidez oinarrizko eskubide bat» ukatzen ari direla salatu zuen.

Alderdiak

Abertzaleen Batasunako ordezkari Mertxe Colinak eta EAko Mattin Etxeparek hartu zuten parte atzoko prentsaurrekoan. Alderdi horiez gain, NPAk eta Batasunak emana diote sostengua Bidarti.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo