GARA > Idatzia > Euskal Herria

EHEk «Ezabatu eta euskaraz bizi» ekimenaren garrantzia berretsi du

Euskal Herrian Euskaraz gure herriko hizkuntza sustatzea helburu duen erakundeak, pasa den azaroan martxan jarritako «Ezabatu eta euskaraz bizi» ekimenaren inguruko hausnarketa egin du, honen garrantzia azpimarratuz eta etorkizunerako gomendioak emanez.

p015_f01.jpg

GARA | BILBO

«Euskara da euskaldun egiten gaituena», dio abesti herrikoiak. Nortasuna zehazten digun hizkuntza hori indartu, eta gurean, jakiteaz gain, erabil dezagun, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak «Ezabatu eta euskaraz bizi» ekimena martxan jarri eta bost hilabetera, euskararen aldeko taldeak programaren gaineko hausnarketa egin du, eta etorkizunerako gakoak zehaztu.

«Aurten Espainiako eta Frantziako hauteskunde orokorrak izan dira», dio Euskal Herrian Euskaraz-ek zabaldutako dokumentuak, eta «bertatik, bi parlamentu horietatik, dator euskaldunon eskubideon aurkako hizkuntza politika menderatzailea», erakundearen aburuz.

Horrez gain, Estatu frantsesean orain dela gutxi egindako presidentetzarako hauteskundeen balorazioa ere egin dute. Erakundearen aburuz, ez Hollandek, ez Sarkozyk ez dute euskaraz bizitzeko eskubidea onartuko, eta beraz, «hauteskunde hauen ostean euskaldunontzat geratzen den panorama zera da: orain arteko basamortuarekin segi, politika menderatzailea pairatuz».

Hizkuntza burujabetza

Euskarak «bere lurraldean menpeko izaera politiko eta soziala» izaten jarraitzen duela nabarmendu du EHEk, eta gure hizkuntzaren oztopoak zerrendatu ditu: «Eskolak ez du euskalduntzen, euskaldunon eskubideen urraketa etengabea da, euskarak ia ez du presentziarik lan munduan, eta euskaraz bizitzeko trabak baino ez ditugu aurkitzen».

Arazo horiez gain, ohartarazi dutenez, «kalera ateratzean inguratzen gaituen paisaia linguistiko erdaldunak asimilazio prozesura eramaten gaitu».

Egoera «ilun» horri buelta emateko, «hizkuntza politika burujabea» aldarrikatu du Euskal Herrian Euskaraz-ek. «Bide horretan kokatzen da `Ezabatu eta euskaraz bizi' ekimena, euskaraz bizi, lan egin, jolastu nahi dugunon hautua indartuz», adierazi du EHE erakunde euskaltzaleak.

Modu berean, Altsasun eta Arrosadian gertatutakoak ere nabarmendu zituzten: «Nafarroako kideek seinaleak euskalduntzeagatik 6.000 eta 300 euroko isuna jaso dute».

Hala ere, EHEk euskararen aldeko konpromisoa berretsi du dokumentuan, «oztopoak oztopo, gure apustua berresten dugula zabaldu nahi dugu hemendik», gaineratu dute. Lan handia dugu denok oraindik egoera honi buelta emateko.

estatu frantsesa

EHEk Estatu frantseseko hauteskundeen lehen itzulian aukeratutako Hollande eta Sarkozy kritikatu zituen, «ez batak, ez besteak ez dutelako euskaraz bizitzeko eskubidea errespetatuko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo