GARA > Idatzia > Mundua

Gatazka ugari konpondutako bitartekaria dute Grezian, Gobernua eratu ahal izateko

Ezinezkoa dirudien arren, gaztaroan nazien okupazioaren aurka borrokan aritutako Karolos Papulias da Greziak berriz hauteskundeetara joan behar izatea saihestu dezakeen azken aukeraren protagonista. Alderdi politiko guztiak hartuko ditu gaur, neonaziak barne.

GARA | ATENAS

Karolos Papulias Greziako presidenteak gaur goizean emango die hasiera Parlamentuan ordezkaritza lortu duten zazpi alderdi politikoekin egin beharreko bilerei.

Batasun nazionaleko Gobernua osatzeko dauden aukerak aztertuko ditu 83 urteko politikari beteranoak alderdietako ordezkariekin eta, ahaleginak porrot egiten badu, begirale guztiek aurreikusten duten moduan, Mediterraneoko herrialdeak hauteskundeak egin beharko ditu ekainean (hilaren 10ean edo 17an, hedabideek aipatu dutenaren arabera), ea bozkalekuetan konpontzen den aurreko hauteskundeek utzitako nahasmena.

Greziako Presidentetzak agiri baten bitartez atzo jakinarazi zuenez, maiatzaren 6ko hauteskundeetan boto gehien jaso zituzten hiru alderdiekin batera elkartuko da lehenik eta behin; hau da, Demokrazia Berria kontserbadorearekin, Syriza ezkertiarrarekin eta Pasok sozialdemokratarekin. Hiru alderdi horiek izan ziren igandeko Legebiltzarrerako bozetako lehen indarrak, baina ez dute Gobernua eratzerik lortu.

Hortik aurrera, presidenteak bakarka hartuko ditu alderdietako ordezkariak: Greziar Independenteak eskuineko taldekoak, KKE Greziako Alderdi Komunistakoak, Urre Koloreko Egunsentiko eskuin muturrekoak eta Dimar Syrizatik banandutako talde ezkertiarrekoak. Bilera sorta gaur hasiko da, baina ez da baztertzen bihar ere hitzordu horiekin jarraitu behar izatea.

«Kathimerini» eta «Ethnos» egunkariek idatzi dute Papulias eskarmentu handiko diplomazialaria dela «Gobernua eratzeko azken itxaropena».

Negoziatzaile beteranoa

Nazioarteko zuzenbidean aditu, gatazka ugariren inguruko negoziazioetan esku hartu izan du. Esaterako, 1988an berak sinatu zuen Greziak Turkiarekin zuen gatazka konpontzeko itun garrantzitsua. Mazedoniarekin izen horren erabileraren inguruko akordioa lortu zuen 1995ean, eta 1987an Albaniaren aurkako gerra egoerari (ofizialki gerran zeuden 1945az geroztik) amaiera jarri zion.

Hamalau urte zituela, Askapenerako Greziar Herri Armadako gerrillari gazteenetakoa izan zen eta, 1967an hasi eta 1974an bukatu zen diktadura militarraren garaian, Alemaniatik lan asko egin zuen oposizio demokratikoaren alde.

Ibilbide horri esker, nahiz eta bera sozialdemokrata izan -Pasok mugimendu sozialdemokrataren sortzaileetako bat izan zen-, joera ezberdinetako talde politikoen sostengua eskuratu zuen eta 2005ean presidente kargurako aukeratu zuten. 300 diputatu zituen Parlamentuan 279 ordezkariren babesa jaso zuen. Gauza bera gertatuko zitzaion handik bost urtera.

Gainera, oso krisi ekonomiko larria bizi duen herrialdean herritarrek ondo hartu zituzten erabakiak hartu izan ditu. Adibidez, presidente kargurako hautatu zutenean, Atenas hiriburuko bere etxean bizitzen jarraitzea erabaki zuen, presidenteari dagokion jauregia erabili gabe. Orain hiru hilabete, berriz, otsailean, bere karguari dagokion ia 300.000 euroko urteko soldatari uko egin zion.

Alemaniari begira

Bere ibilbidean pilatutako esperientzia guztiaren beharra izango du gaur eta bihar, osaezina dirudien Exekutibo berria osatzen ahalegintzeko.

Atzo hedabideetako argazkilariak bere bulegora joan zirenean, «Suddeutsche Zeitung» Alemaniako egunkaria irakurtzen ari zen. Izan ere, aspaldi honetan Grezian gertatzen diren gauza gehienak Alemaniako agintariek hartutako erabakien ondorio dira.

Atzo bertan, «Wirtschaftswoche» astekari ekonomikoak Greziak euroa utziz gero Europar Batasunak 276.000 milioi euro galduko lituzkeela kalkulatu zuen. Jakina, Alemaniak ordainduko luke zatirik handiena, 77.000 milioi euro inguru. Dirutza horri gehitu beharko litzaioke sektore pribatuak galduko lukeena. Tragedia margotzen dute Alemaniako hedabideek, Greziaren erabakiak baldintzatzeko.

ekainaren 17a

Ekainaren 10a eta 17a ageri dira Grezian hauteskunde parlamentarioak berriz egiteko aukera moduan, baina Sky News telebista kateak dio bozketa bigarren egunean egingo dela, iturri propioak aipatuz

schaeuble

Wolfgand Schaeuble Alemaniako Finantza ministroak «Welt am Sonntag» astekariari esan dionez, Berlinek Greziaren hazkundea bizkortzeko neurriak har ditzake, agindutako murrizketa guztiak abian jarriz gero

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo